EUSKAL PILOTA/XAREA
Borteyru anaiek bere lehenengo San Migel Xare Irekia lortu dute
San Migel eta Gazteak Xare Irekien finalak jokatu ziren pasa den larunbatean, urriak 2, Irurako Ametsa trinketean, non nagusien mailan Borteyru anaiek 40-33 irabazi zioten Larronde-Etxebest bikoari eta gazteetan Halsouet-Vila bikoak 40-31 Zabalegi-Mujika bikoari.
Xareko jaialdi bikainaren lehen finala, 17:00etan, I. Gazteak Xare Irekikoa izan zen, Urruñako Halsouet-Vila bikoak, Zabalegi-Mujika irurar bikoaren kontra jokatu zuelarik. Urruñarrak ziren faborito txapelketa osoan erakutsi duten nagusitasunagatik eta ez zuten hutsik egin, 40-31 irabazi ziotelarik etxeko bikoteari. Hala ere, hasiera oso ona eman zioten lehiari irurarrek, eta bost-sei tantoko aldea ireki zuten markagailuan, baina partidaren erdira iritsitakoan, Iparraldeko bikoak aurrea hartu eta azkenean garaipena beraiena izan zen.
Final nagusian berriz, III. San Migel Xare Irekian, Larronde-Etxebest bikoak Borteyru anaien kontra jokatu zuen, faborito argirik gabeko norgehiagokan. Bikote biek nahiko maila antzekoa emana zuten txapelketan zehar eta finala ere horren islada izan zen.
Partida parekatua izan zen eta azken hamarkada bitartean pilotariek oso ondo jokatu zuten, baina bukaeran Borteyru anaiek ihes egin zuten markagailuan eta partida beraien alde erori zen. Lehenengo aldia zen elkarrekin parte hartzen zutela Irurako torneoan eta emaitza ezin hobea eskuratu zuten, txapela etxera eramanda.
Antolatzaileek oso balorazio positiboa agertu zuten aurtengo ekitaldiaren inguruan, izan ere, aurten gazte mailako txapelketa berreskuratu dute, eta hor ahalegin handia egiten ari dira xarearen alde, bai elkartetik eta baita Irurako Udalaren aldetik ere. Irura xarean jokatzen den Hegoaldeko herri bakarrenetakoa dela kontuan izanda, nagusien mailan jokalari onenak etortzen dira Irurara San Migel Irekian parte hartzera eta hori ere azpimarratzekoa da.
Antxon eta Arbe, Berriatuko finalerdietara
Banakako Jai Alai World Tourraren finalerdietan, Antxonek Aimarren kontra jokatuko du eta Arbek Beaskoetxearen kontra
Eneko Maizek irabazi du 2020ko E.H-ko lau eta erdiko Elite txapelketako lehen finalaurdena
Maizek (Behar-Zana) Aurrekoetxeari (Lemoa) irabazi zion 22-14, Laudioko Aretako frontoian lehiatutako norgehiagokan
Amaia Aldai eta Oihana Orbegozo Binakako txapeldunak
Emakume Master Cupeko Binakako finalean, Patri Espinarri eta Naroa Agirreri 22 eta 15 irabazi eta gero