ARRAUNA

Bizkaiko Traineru Txapelketa Lekeition

by | 2020/07/15

Bizkaiko Traineru Txapelketa jokatuko da gaur, uztailak 15, arratsaldeko 19:00etan Lekeition

 

Gizonezkoetan, 5.556 metrotako ibilbidean lehiatuko dira, lau luze eta hiru ziaboga tartean, eta emakumezkoetan, 2.778 metrotan, bi luze eta ziaboga bakarrarekin.

Estropadari emakumezkoek emango diote hasiera,  txanda bakarrean lehiatuko direlarik Deustu, Ondarroa, Isuntza eta Lutxana.

Aurreko urteetako irabazleak (Kaiku) parte hartuko ez duela kontutan hartuta, oso txapelketa irekia izango da aurtengoa.  Orainarte egindako ibilbidea ikusita, Deusto agertzen da faborito bezala, Ondarroa gertu izango duelarik, atzetik Isuntza eta estreinakoz aritzen den Lutxana helmugaratuko direla aurreikusten delarik.

Ondoren, gizonezkoen lehia hasiko da, hiru txandetan banatuta. Lehenengoan, Elantxobe, Getxo eta Portugalete arituko dira, bigarrenean Arkote, Deustu, Kaiku eta Ondarroa, eta hirugarrengoan, Bermeo, Isuntza, Itsasoko Ama eta Zierbena

Eusko Label Ligako aurreneko lau jardunaldietan izan dituzten emaitza bikainen ondorioz (sailkapen orokorraren lehenengo postuan daude nahiz eta garaipen partzialik eskuratu ez), santurtziarrak hasiko dute estropada faborito gisa. Iazko txapelduna den Urdaibai (Santurtzi bigarrena izan zen) eta Zierbena izan daitezke aurkaririk gogorrenak orainarte ikusitakoaren arabera.

Duela gutxi hasitako Ligetako estropaden joerak segitzen badu, berdintasuna izango da estropada hauetan ere, baina txapelketek badute beste osagai berezi bat, izan ere, aste barruan lehiatzen dira, ligako martxak nahikoa jipoitzen dituenean arraunlariak, eta gainera aurten Covid19 gaitzak eraginda prestakuntza ezohikoa izan dutela ere kontutan hartu beharko da. Horregatik, baliteke taldeeetan aldaketak izatea, eta bat edo beste datorren asteburura begira aritzea gaur.

Dena den, gogotik saiatuko dira arraunlariak, garaipena eskuratzeaz aparte, Euskadiko txapelketa jokatu ahal izateko txartelak baitaude jokoan.

Share This