HERRI KIROLAK
Bizkaiko Herri-kirol txapelketak Diman
Pasa den igandean, irailak 20, Dimako frontoian jokatu ziren hainbat herri kirol diziplinetako Bizkaiko Txapelketak, eguerdiko ordubatetan hasita.
Zehazki, Lasto altxatze txapelketa, Lasto botatze txapelketa eta Txinga erute txapelketa:
Bizkaiko Lasto Botatze Txapelketan, honako kirolariak aritu ziren: Aitor Rodriguez (Arratzu), Xabier Rodriguez (Arratzu), Beñat Obieta (Arratzu), Eloy Salterain (Abadiño) eta Mikel Agirre (Ondarroa).
Txapela Beñat Obieta arratzuarrak jantzi zuen laugarrenez, 5,40 metroko marka eginda. Bigarren postua eskuratu zuen Mikel Agirre ondarrutarrak, 4,80 metroko markarekin. Hirugarren Eloy Salterain sailkatu zen (4,60 metro), laugarren Xabier Rodriguez (4,40 metro) eta bosgarren postuan Aitor Rodriguez (4,20 metro).
Gogoratu behar da, abuztuaren amaieran, Arabako lasto-botatze txapelketa lehiatu zela eta bertan Juan Karlos Lopez nagusitu zen. Lopezek 5,20 metro egin zituen eta atzetik Carlos Ruiz de Aretxabaleta izan zen bigarrena, hamar metro eskaxera (5,10m).
Lasto altxatze proban, hiru getxoztar aritu ziren nor baino nor gehiago: Beñat Amade, Joseba Legarreta eta Ousmane Drame. Garaipena Beñat Amadek eskuratu zuen 23 jasoaldi eginda, atzetik bigarren Ousmane Drame (18 jasoaldi) eta hirugarren Joseba Legarreta (14 jasoaldi) sailkatu zirelarik.
Txinga erute txapelketan berriz, emakumezkoen mailan jokatu zen lehiaketa, Nerea Egurrola, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Naroa Arrieta neurtu zirelarik.
Txapela Nerea Egurrolak jantzi zuen (56 untze-3/4-6,47 metro), bigarrena Karmele Gisasola Zelaia III.a izan zen (14 untze) eta hirugarrena Naroa Arrieta sailkatu zen (5 untze-2,32 metro).
Arestian aipaturiko Arabako Txapelketan, irabazlea Ruth Linaza izan zen, 15 plaza eta bost metro eginda. Bigarrena, Garbiñe Lopez de Biurrun izan zen, 13 plaza eta hamalaugarrenaren hiru laurdenak (6,70 metro) eginda. Hirugarren postuan, Susana Sanchez sailkatu zen, 11 plaza eta laurden bat (1,73m) eginda. Eta azkenik, laugarrena Maider Etxezabal izan zen, 5 plaza gehi seigarrenaren hiru laurdenak (6,70m) osatuta.
Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketako finala jokatu dute Igantzin
Txomin Amundarain izan zen txapeldun eta Ibai Soroa bigarren, biek eskuratu zutelarik lehen mailan aritzeko txartela
Nafarroako sokatira txapelketa mistoa irabazi du Beti Gaztek
Finalean Txantreari irabazi zioten lesakarrek, Berriozar hirugarren izan zelarik
Nafarroako sokatira txapelketa mistoaren lehen jardunaldia egin da Antsoainen
Berriozarren kontra tiraldi bat galdu arren, Beti Gazte izan zen berriro ere irabazlea