EUSKAL PILOTA
Binakako Master Txapelketako finala igandean jokatuko da
Argazkiak: emakumemastercup.eus
Urte zail bati amaiera polita emateko finala
Zailtasun eta oztopoz betetako urte izan dugu amaitzear den 2020 hau, baina bide malkartsuetan aurrera egiten iaioak diren emakume pilotariek amaiera polit bat eman nahi diote igande honetan, abenduak 20, Arrigorriagako pilotalekuan jokatuko den Binakako Master LABORAL KUTXA Txapelketako finalarekin.
Final handi horren nondik norako guztiak, pasa den asteartean, hilak 15an, aurkeztu zituzten, Arrigorriagako udaletxean. Aurkezpenean, Maite Ibarra, Arrigorriagako alkatea, Joana Etxeberria, Berdintasun zinegotzia eta Argia pilota eskolako presidentea, Leire Lekue egon ziren eta finalistei zorterik onena opa zieten.
Zortzi bikote, hamasei pilotari, izan ziren baldintza berrietara egokitu behar izan zuen lehiaketa berri honetan parte hartu duten emakumeak eta sei kanporaketen ostean, Amaia Aldai-Oihane Orbegozo eta Patri Espinar-Naroa Agirre izango dira igandean txapelen lehian arituko direnak.
Final lehiatua eta estua espero da, faborito argirik gabekoa baina ikuskizuna ziurtatzen duten horietakoa. Aurrean gaur egungo bi aurrelari bizi eta ikusgarrienetako bi ariko dira aurrez aurre, Amaia Aldai dimoztar gaztea eta Usansoloko Patri Espinar, pilota molde guztietan oso lehiakorra den emakumea.
Atzean dituzten lagunak ere ez dira nolanahikoak. Amaia Aldaik Oihana Orbegozo izango du bizkartzain. 35 urterekin, hau izan du azpeitiarrak lehen txapelketa pilota mistoarekin eta bikain egokitu da material berrira, finalera arteko partida guztietan oso seguru arituta. Oso bestelako pilotaria da atzelari urdina, Naroa Agirre zestoarrak 17 urte baino ez baititu. Patri Espinarren atzelaria harrobian egiten ari den lan bikainaren adibide garbia da eta etorkizun handiko pilotaria dela erakutsi du egungo onenen aurka maila dotorea erakutsi eta gero.
Osasun egoerak, momentuz, ez du pilotalekuan ikuslerik biltzerik baimentzen, baina finala, baita hirugarren posturako lehia interesgarria ere, Ruiz de Infante-Arrillaga/ Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldai, ETB-1ean ikusi ahal izango dira eguerdiko 12etatik aurrera.
Endikak 30-23 irabazi dio Barrenetxeari ligaxkako laugarren jardunaldian
Emaitza honekin, Urriza ia finalean da eta Juanenea eta Endikak jarraitzeko nahikoa dute puntua ez galtzea beraien arteko partiduan
Larunbatean hasiko da II. San Migel Xare Irekia
Xare modalitateko pilotari onenek parte hartuko dute irailaren 5ean hasi eta urriaren 3an amaituko den lehiaketan
Urriza finaletik gertuago, Juaneneari irabazita
Juaneneari 30-20 irabazi ondoren, azken partiduan 24 tantu egitearekin nahikoa zaio finalera zuzenean sailkatzeko