HERRI KIROLAK/HARRIA
Binakako Harrijasotze eta Emakumezkoen Ingude txapelketak jokatu dira
Pasa den igandean, azaroak 1, Arabako Burgelu herriko udal pilotalekuan eguerdiko 12:00tan hasita, Binakako Harrijasotze Txapelketaren (“Gruas Iru Saria”) bosgarren jardunaldia jokatu zen, non Aimar Galarraga eta Jagoba Otaegi lehiatu ziren batera, bi minutuko txandetan.
Aimar Galarraga aritu zen 175 kiloko laukizuzenarekin (8 jasoaldi, 2000kilo) eta 138 kiloko kubikoarekin (9 jasoaldi, 1.242 kilo). Jagoba Otaegik aldiz, 100 kiloko zilindroari 24 altxaldi eman zizkion (2400 kilo) eta 100 kiloko bolari beste 17 jasoaldi (1700 kilo). Beraz, bikote modura guztira 58 jasoaldi burutu zituzten, 6.742 kilo altxatuz alegia.
Aurreko asteburuan, Urrezko binakako harri-jasotze txapelketako hirugarren eta laugarren jardunaldiak jokatu zituzten ere Araban, zehazki larunbat arratsaldean Agurainen eta igande eguerdian Aramaion.
Harrijasotze desafioa ere egon zen Burgelun, Jokin Eizmendi eta Urdax Magunazelaiaren artekoa, 200 kiloko laukizuzena eta 150 kiloko kubikoa erabili zituztelarik. Bertan, Magunazelaia nagusitu zen, orotara 16 jasoaldi eginda (200 kiloko laukizuzenari bost eta 150 kiloko kubikoari hamaika) eta 2650 kilo altxatuz. Bere aurkariak, 2500 kilo altxatu zituen, laukizuzenari bost altxaldi eta kubikoari beste hamar emanda.
Azkenik, Emakumezkoen Ingude Txapelketako lehenengo jardunaldia jokatu zen, non Garazi Arrutik eta Karmele Gisasola “Zelai III.ak” indarrak neurtu zituzten. Gisasolak 128 jasoaldi egin zituen 10 kiloko ingudean (txanda bakoitzeko 64) eta Garazi Arrutik 118 (txanda bakoitzeko 59). Lehenengoz aritu ziren minutuko bi txandatan eta pozik agertu ziren bi lehiakideak formatu berriarekin.
Urrezko Aizkolarien kopako kanporaketa jokatua zen aurretik leku berean, Xabier Zaldua, Luis Polanco, Hodei Ezpeleta eta Julen Aranberriren artekoa, azkenean Xabier Zalduak eskuratu zuelarik hurrengo kanporaketarako txartela, finalean hiru kanaerdikoak mozten azkarrena izan ondoren.
Larunbatean hasiko da Kutxabank Pala Liga
Larunbat honetan hasi eta urtarrilaren 9ra arte luzatuko da eta guztira bost bikotek hartuko dute parte
Emakumezkoen eskuz binakako txapelketa berria abian jarri dute
Binakako Txapelketa malgu batek hartuko du bertan behera geratu den Lau eta Erdiko Emakume Master Cup txapelketaren lekua
Josu Irurita eta Javier Oskoz garaile Nafarroako buruz buruko pilota txapelketan
Oberenako Josu Irurita eta Javier Oskoz izan ziren txapeldun, lehen eta bigarren mailan, hurrenez hurren