PILOTA
Binakako Erremonte Txapelketako finalerdiak zehaztuta geratu dira
Binakako Erremonte Txapelketako ligaxka pasa den larunbatean bukatu zen, Galarretan jokatutako azken bi partidekin. Azkenean, Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak 40-35 irabazi zuten Goikoetxea V.aren eta Endikaren aurka eta Juanenea eta Larrañaga finalerdietarako sailkatu ziren. Bi bikoteek lau eta hiru puntu lortu dituzte, hurrenez hurren.
Lehen partida erabakigarriena izan zen. Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak 36 tanto behar zituzten lehen postuan geratzeko, eta horrekin konformatzen ez zirenez, garaipena ere lortu zuten. Goikoetxeak eta Endikak sailkatzeko azken aukera zuten jokoan eta partidaren bila atera ziren. 6-9 eta 10-14 aurreratu ziren, baina gorriek irabazi egin nahi zuten. 14-14 berdindu zuten eta 26-20 aurreratu ziren, nahiz eta urdinak tanto batera hurbildu ziren, 34-33, eta sailkatzeko itxaropenari eusten zioten. Hala ere, markagailuari buelta ematea ez zuten lortu eta azkenean partida 40-35 amaitu zen, Ansa II.a eta Aizpuru III.aren alde. Azken hauek beraz, datorren larunbatean Juanenea eta Larrañagaren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Bigarren partidan 18 tantoko buelta ikaragarria ikusi zen. Bi bikoteak sailkatuta zeudela jakinda kantxaratu ziren, eta lehia hori finalerdikoa izango dela ere bazekiten. Partida zirraragarria jokatu zuten, gutxitan ikusten den itzulia izan zuena. Segurola eta Barrenetxea markagailuan aurretik jarri ziren sekulako zuloa irekita aurkariekiko (13-31), baina azkenean 40-39 galdu zuten Urriza eta Labakaren aurka.
Urriza eta Labaka hotz hasi ziren eta Barrenetxeak sakearekin agintzen zuen. Urdinak 10-18 eta 12-23 aurretik zihoazen markagailuan, eta 13-31koa ere jarri zuten markagailuan haien alde. Partida amaituta zegoela zirudien, baina gorriek erreakzionatu zuten Urrizaren agindupean, 21 tanto eta bi huts eginda. Pixkanaka partidan sartu ziren eta 36, 37, 38 eta 39na berdindu zuten. Azken bi tantoak Labakak egin zituen, bi hormetan; lehena huts eginda eta bigarrena intentzioz. Hortaz, bigarren finalerdia Urrizak eta Labakak Segurola eta Barrenetxea IV.aren aurka jokatuko dute.
Zesta punta denboraldia uztailaren 16an hasiko da Donibane Lohizunen
Egungo puntistarik onenak izango dira abuztuaren 27ra arte luzatuko den denboraldiko txapelketa ezberdinetan
Galarreta pilotalekuak 50 urte bete ditu
1970. urteko ekainaren 13an inauguratu zen Hernaniko Galarreta frontoia eta ordutik erremontearen oinarria izan da
Pilota profesionala ekainaren 24an itzuliko da Eibarko Astelenan
Baiko Pilota eta Aspe enpresetako bikote mistoek neurtuko dituzte indarrak, 17:00etatik aurrera