HERRI KIROLAK/SOKATIRA
Beti Gazte, sokatiran jaun eta jabe, bihar berriro lehian Idiazabalen
Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketan, gizonezkoen 640 kiloko eta emakumeen 540 kiloko hirugarren eta azkeneko jardunaldiak jokatuko dituzte larunbatean Idiazabalen
Zortzinakako txapelketa hasi zenetik dagoeneko Beti Gazteko gizonezkoek jantzia dute lehenengo txapela, 680 kilokoa hain zuzen ere.
Joan den larunbatean, txapelketako bigarren asteburuan ere jaun eta jabe izan ziren, bai gizonezkoek baita emakumezkoek ere eta tiraldi guztiak irabazi zituzten larunbatean Burgun ( emakumezkoak 540 kilotan eta gizonezkoak 600 kilotan) eta igandean Busturian 640 (kilotako gizonezkoak).
Horrela, 2019. urtean lesakarrek bereganatutako nagusitasunari eutsi diote, izan ere Euskal Herriko launakako txapel guztiak irabazi zituzten Beti Gazte sokatira taldeko neskek eta mutilek.
Bideoa eitb.eus: 2019a urte oparoa izan zen Lesakako taldearentzat
Orain, 640 kiloko finala lehiatuko dute bihar Idiazabalgo pilotalekuan, 17:00etatik aurrera. Hain zuzen ere, aurretik egindako 640 kiloko jardunaldi bietan puntu gehien lortu dituzten sei taldeek eskuratu dute finalerako txartela. Puntuazioaren arabera, horrela sailkatu dira: Beti-Gazte, Ibarra, Zuraide A, Murueta, Txantrea eta Zuraide B. Finaletik kanpo gelditu dira Abadiño eta Antsoain.
Bestalde, emakumezkoen 540 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia ere lehiatuko dute Idiazabalen. Hiru jardunaldietan puntu gehien lortzen dituen taldeak eskuratuko du aurtengo txapela. Momentuz, Beti-Gaztek pilatu ditu puntu gehien: 10 puntu. Atzetik, 8 punturekin Badaiotz eta 5,5 punturekin Txantrea. Gaztetik eta Ibarrak 4,5 eta 2 puntu dituzte, hurrenez hurren.
Orainarte erakutsitako erabateko nagusitasuna ikusita, Euskal Herriko txapelketako beste bi txapel janzteko faborito nagusiak dira Beti Gazteko nesken eta mutilen sokatira taldeek.
Gainera, emakumeen kasuan, aurreko bi jardunaldietan lortutako puntuak kontuan hartzen direnez, bigarren izatearekin ere aski izango dute 540 kiloko txapela eskuratzeko. Mutilak ere nagusi izan dira lehen bi jardunaldietan, tiraldi guztiak irabaziz, baina larunbateko finalean hutsetik hasiko dira.
Hurrengo jardunaldien egutegia:
-Otsailaren 1ean, oraindik zehaztu gabeko arabako herriren batean, gizonezkoen 600 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumeen 500 kiloko lehena jokatuko dute.
-Otsailaren 8an Ibarran, gizonezkoen 600 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia eta emakumeen 500 kiloko bigarrena jokatuko dute.
-Otsailaren 15ean berriz, Berriozarren, gizonezkoen 560 kiloko txapela jokatuko dute egun bakarrean eta emakumeen 500 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia izango dute.
Eta azkenik, otsailaren 16an, Ezkabarten goizeko 11,30tan hasita, 580 kiloko kategoria mistoko txapelketa jokatuko da, egun bakarrera.
Zortzinakako sokatira txapelketako jardunaldia lehiatu da Ibarran
Gizonen 600 kilokoan Beti Gaztek jantzi du txapela. Emakumezkoen bigarren jardunaldian lesakarrek irabazi zuten
Euskal Herriko 8×8 Sokatira Txapelketa larunbatean Ibarran
Gizonezkoek 600 kilotan finala jokatuko dute Ibarran. Emakumezkoek 500 kilotan berriz, ligaxkako bigarren jardunaldia izango dute.
Zortzinakako Sokatira Txapelketa Dulantzin
Ibarra gizonezkoetan eta Badaiotz emakumezkoetan lortu zuten garaipena larunbateko sokatira jardunaldian