HERRI KIROLAK/AIZKORA
Bertan behera geratu dira Euskal Herriko aizkolaritza txapelketak
Aurten jokatzekoak ziren Euskal Herriko aizkolaritza txapelketak bertan behera uztea erabaki du Euskadiko Herri Kirol Federazioak, maila guztietan. Udazkenean ziren jokatzekoak, baina arrazoi sanitario eta ekonomikoak argudiatuta azkenean ez da halakorik izango.
Euskadiko Herri Kirol Federazioaren Zuzendari Batzordeak ekainaren 25eko bileran, aho batez erabaki zuen, lehen, bigarren eta hirugarren mailetako Euskadiko Txapelketak bertan behera uztea.
Hiru arrazoi nagusi aipatu ditu erabaki hau hartzeko oinarri gisa, osasun egoerarekin eta ekonomiarekin loturikoak. Esaterako, udalek duten ziurgabetasun ekonomikoa (jaiak bertan behera utzita), kanpoko diru laguntzarik gabe edo sarreren salmentarekin behar besteko diru sarrerarik lortu gabe txapelketak antolatzearen ezintasuna, eta guztien gainetik, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun egoeraren ziurtasun gabeziak, aurretik sumatu ezinezkoa eta bilakaera aldakorrekoa.
Hori guztia kontutan hartuta, txapelketek beraiekin dituzten zortzi proben antolakuntza normala bermatzea ezinezkoa dela ikusi du federazioak. Haren iritziz, ekitaldi guztiak ez egiteak, alde batetik, mailen arteko igoera eta jaitsieretarako kaltea sortuko luke, eta, bestalde, kontratatutako egurraren jasanezinezko kalte ekonomikoa.
Hortaz, aurten ez da Euskal Herriko Aizkora Txapelketarik lehiatuko, eta iaz Iker Vicentek maila nagusian lorturiko txapela ez da jokoan izango. Joan zen urtean, Otsagabiako aizkolariak lortu zuen bere lehen txapela, Aitzol Atutxa bizkaitarrak azken bost urteetan garaipena eskuratu ostean, Gasteizen jokatutako finalean.
Ikusmin handia zegoen Aitzol Atutxa azken bost urteetako txapeldunaren lekukoa nork hartuko zuen ikusteko, eta azkenean Vicentek eskuratu zuen garaipena, azken bi urteetan txapeldunorde izan ostean.
Vicentek lehia estua izan zuen Mikel Larrañagarekin, zortzigarren enborrera arte. Handik aurrera, aldea atera zion. Erritmoari eutsi zion txapeldunak, eta behera egin zuen, berriz, Larrañagak. Azkenean, Vicentek baino lau minutu eta 18 segundo gehiago behar izan zituen. Vicentek 37 minutu eta 37 segundotan amaitu zuen lana, eta Larrañagak 41 minutu eta 55 segundotan.
Txikia IV.ak egin zuen hirugarren denborarik onena (44 minutu eta 54 segundo), Eneko Otañok Txikiak baino segundo bat gehiago behar izan zuen (44 minutu eta 55 segundo) eta Iñaki Azurmendik Otañok baino hiru segundo gehiago (44 minutu eta 58 segundo).
Mikel Lopetegi ‘Urra’ nagusitu da Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketan
Harriaz aparte, sega txapeketa, giza proba eta idi-dema lehiatu ziren Usurbilgo Herri Kirolen Egunean
Peñagarikanok irabazi du Aizperroren aurka lehiatutako desafioa
Azpeitiarrak sei segundoko aldea atera zion oriotarrari, harria jasotzen, aizkoran eta korrika arituta jokatutako apostuan
Herri Kirol jardunaldia lehiatu zen Leitzan
Aizkoran Vicentek Rekondori irabazi dio, harrian Goikoetxek 35 jasoaldi eta Galarragak 32, eta Virginia Finolek 52 altxaldi egin zituen berriro