MENDI LASTERKETAK

Bertan behera geratu da Euskal Kosta Krosa

by | 2020/08/02

 

Argazkiak: euskalkostakrosa.eus

 

Bertan behera geratu da aurtengo Euskal Kosta Krosa lasterketa

 

Irailean zen lehiatzekoa Euskal Kosta Krosa lasterketaren laugarren edizioa baina bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek, lasterkarien eta ikusleen ongizatea bermatzerik ez dagoela ikusita.

Behin aurtengo edizioa alboratuta, antolakuntzak udazkenean bertan hasiko da datorren urteko karreraren prestaketa lanetan. Helburua da, mundu mailako pandemiak ahalbidetzen duen heinean, 2021eko edizioa normaltasun osoz aurrera eramatea, beti ere, parte hartzaileen, boluntarioen eta ikusleen osasuna lehenetziz, eta segurtasuna bermatzeko baldintza egokiak ematen badira.

Euskal Kosta Krosa lasterketa

Kostako bost udalek antolatzen duten lasterketa da Euskal Kosta Krosa. Lehen edizioa 2017an korritu zen Zumaian; 2018koa Zarautzek hartu zuen, eta iazkoa Getarian hasi eta amaitu zen.

KOSTA KROSA kirola eta kultura uztartzen dituen egitasmo bat da. Kirola egitea bultzatzea eta kultur aldetik bailarako udalerrien arteko harremanak indartzea du helburu.

Lasterketaren jatorria

2017an Gotzon Enbil Zumaiako Kirol zinegotziak azaldu zuen Euskal Kosta Krosa sustatzeko ideiaren jatorria: “Zumaiako Udal teknikariek Zakila Bira eguneratzeko beharra azaldu zuten. Horren aurrean kontuan hartu zen lasterkari asko ibiltzen dela Kostako errepidean entrenatzen. Gainera, Kostako udalek eta Urola Kostako Udal Elkarteak bailara mailako proba bat bultzatzea egoki ikusi genuen, era horretan gure kostaldea ezagutaraziz eta gure bailarari balio erantsi bat emanaz”.

Era horretan, Euskal Kosta Krosa lasterketa ibiltaria antolatu zuten Kostako bost udalek bat eginda, Urola Kosta Udal Elkartearen bidez. Hau da, probak edizio bakoitzean udalerri batean irteera eta bukaera izango du. “Gure bailara eta kostaldea balio askokoa da, baliabide eta ingurune zoragarriak ditugu. Horregatik, kirola oinarri hartuta, indarrak batzea beharrezkoa ikusi dugu. Gure erronka da kalitatezko kirol proba bat antolatzea”.

Lasterketaren ibilbidea:

Lasterketaren ibilbidea kostaldeko N-634 errepidean egiten da, maratoi erdiaren distantzian

Distantzia: 21.097 m.

Iazko edizioaren sailkapena:

Gizonezkoak absolutuak

  1. Txapela, 300 euro eta saria: Joseba Diaz (01:10:57)
  2. 200 euro eta saria: Angel Martinez (01:12:18)
  3. 100 euro eta saria: Xabat Manzisidor (01:14:12)

Emakumezkoak absolutuak

  1. Txapela, 300 euro eta saria: Egipto Flamarique (1:30:08)
  2. 200 euro eta saria: Elisabete Garate (01:30:27)
  3. 100 euro eta saria: Nerea Mujika (01:31:10)

Irailaren 12ra atzeratu dute Aloñako Igoera

Irailaren 12ra atzeratu dute Aloñako Igoera

Data aldaketa honek berrikuntzak ekarriko ditu, normalean igandean lehiatzen den lasterketa larunbatera pasako da eta goizean egin beharrean atsaldeko 16:00etan hasiko da