MENDI LASTERKETAK
Bertan behera geratu da Euskal Kosta Krosa
Bertan behera geratu da aurtengo Euskal Kosta Krosa lasterketa
Irailean zen lehiatzekoa Euskal Kosta Krosa lasterketaren laugarren edizioa baina bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek, lasterkarien eta ikusleen ongizatea bermatzerik ez dagoela ikusita.
Behin aurtengo edizioa alboratuta, antolakuntzak udazkenean bertan hasiko da datorren urteko karreraren prestaketa lanetan. Helburua da, mundu mailako pandemiak ahalbidetzen duen heinean, 2021eko edizioa normaltasun osoz aurrera eramatea, beti ere, parte hartzaileen, boluntarioen eta ikusleen osasuna lehenetziz, eta segurtasuna bermatzeko baldintza egokiak ematen badira.
Euskal Kosta Krosa lasterketa
Kostako bost udalek antolatzen duten lasterketa da Euskal Kosta Krosa. Lehen edizioa 2017an korritu zen Zumaian; 2018koa Zarautzek hartu zuen, eta iazkoa Getarian hasi eta amaitu zen.
KOSTA KROSA kirola eta kultura uztartzen dituen egitasmo bat da. Kirola egitea bultzatzea eta kultur aldetik bailarako udalerrien arteko harremanak indartzea du helburu.
Lasterketaren jatorria
2017an Gotzon Enbil Zumaiako Kirol zinegotziak azaldu zuen Euskal Kosta Krosa sustatzeko ideiaren jatorria: “Zumaiako Udal teknikariek Zakila Bira eguneratzeko beharra azaldu zuten. Horren aurrean kontuan hartu zen lasterkari asko ibiltzen dela Kostako errepidean entrenatzen. Gainera, Kostako udalek eta Urola Kostako Udal Elkarteak bailara mailako proba bat bultzatzea egoki ikusi genuen, era horretan gure kostaldea ezagutaraziz eta gure bailarari balio erantsi bat emanaz”.
Era horretan, Euskal Kosta Krosa lasterketa ibiltaria antolatu zuten Kostako bost udalek bat eginda, Urola Kosta Udal Elkartearen bidez. Hau da, probak edizio bakoitzean udalerri batean irteera eta bukaera izango du. “Gure bailara eta kostaldea balio askokoa da, baliabide eta ingurune zoragarriak ditugu. Horregatik, kirola oinarri hartuta, indarrak batzea beharrezkoa ikusi dugu. Gure erronka da kalitatezko kirol proba bat antolatzea”.
Lasterketaren ibilbidea:
Lasterketaren ibilbidea kostaldeko N-634 errepidean egiten da, maratoi erdiaren distantzian
Distantzia: 21.097 m.
Iazko edizioaren sailkapena:
Gizonezkoak absolutuak
- Txapela, 300 euro eta saria: Joseba Diaz (01:10:57)
- 200 euro eta saria: Angel Martinez (01:12:18)
- 100 euro eta saria: Xabat Manzisidor (01:14:12)
Emakumezkoak absolutuak
- Txapela, 300 euro eta saria: Egipto Flamarique (1:30:08)
- 200 euro eta saria: Elisabete Garate (01:30:27)
- 100 euro eta saria: Nerea Mujika (01:31:10)
Elgoibarko Mugertza Krosa bueltan da
Iazko etenaldiaren ondoren, Elgoibarko Juan Muguerza Krosaren 78. edizioa urtarrilaren 9an ospatuko da
Oihana Kortazarrek hiru eguneko Sanabria Trail proba irabazi du
Hiru etapetan izan zen azkarrena Kortazar, lehenengo bietan iaz egindako markak hobetuta
Iñaki Isasik eta Enara Oronozek irabazi dute Zegama-Aizkorri mendi duatloia
Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko bosgarren proba izan da honakoa