EUSKAL PILOTA
Bertan behera gelditu da San Anton Pilota txapelketa
Argazkiak: San Anton Pilota Txapelketa
Pilota Eskolak dena prest zuen San Anton Pilota Txapelketa larunbat honetan jokatu ahal izateko baina bertan behera utzi behar izan dute torneo beteranoa pandemiari aurre egiteko Jaurlaritzak hartu dituen azken neurrien ondorioz. Arau berriekin eta lehendik indarrean zeudenekin aurten ezinezkoa zaiela San Anton Txapelketa antolatzea adierazi dute pilota eskolako arduradunek. Torneoaren 28. edizioa izango zen aurtengoa.
Esan bezala, urtarrilaren 16rako, San Anton bezpera egunerako zegoen antolatuta aurtengo txapelketa. Hiru jardunalditan jokatu izan da orainarte baina honakoan egun bakarrean lehiatzea erabaki zen, bi finalerdi eta finala soilik jokatzea erabaki baitzen. Txapelketa aurkeztuta zegoen Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzan, eta aurrekontua ere onartu zuen udal kirol patronatuak.
Halaber, pilotarien kartelera osatuta zegoen eta afizionatu mailan diharduten pilotari onenetarikoak lotuak zituen antolakuntzak, izan ere, urtero lez, afizionatu mailako pilotaririk esanguratsuenak etortzekoak ziren Elgoibarko torneo beteranoan lehiatzera.
Pilota eskolak eginak zituen San Anton pilota torneoa antolatzeko egin beharreko aurre lanak beraz, baina, agintariek azken egunotan pandemiari aurre egiteko hartutako erabakiak direla eta azkenean txapelketa antolatzeko aukera zapuztu egin da.
Promesa mailako pilotariak lehiatu behar ziren larunbateko aurreneko partidan, Alberdi eta Apezetxea De La Fuente eta Morgaetxeberriaren aurkako lehia alegia. Etorkizun handiko lau pilotari, laurak 18 urtekoak. Eta bigarren partidan aldiz, Muruak eta Gaskuek osatutako bikoteak Exposito eta Iruritaren aurka jokatu behar zuen.
Pasa den edizioan, Murua eta Uriondo, senior mailan, eta Alberdi II eta Morgaetxeberria, promesetan, gailendu ziren San Anton Pilota Txapelketan.
Lehen finalean promesa mailako pilotariak aritu ziren lehian. Partida orekatua jokatu ostean, Alberdi II azpeitiarrak eta Morgaetxeberria amorebietarrak osatutako bikoteak 22-19 irabazi zuen De La Fuenteren eta Apezetxearen aurka.
Senior mailako partidan emozio gutxiago egon zen. Bikote gorriak, Ander Murua arrasatearrak eta Endika Uriondo atzelari gizaburuagarrak osatutakoak, huts gutxiago egin zuen partidaren hasieran, eta konturatu orduko alde nabarmena lortu zuten markagailuan. Iñaki Elola bidaniarrak eta Iker Mariezkurrena berriozartarrak osatutako bikotea partida berdintzen saiatu zen arren, behartu gabeko huts dezente egin zituzten eta bederatzigarren tantoan gelditu ziren.
Goikoetxeak eta Barrenetxeak bigarren garaipena lortu dute
40-25 irabazi zieten Segurola eta Larrañagari pasa den larunbatean, Binakako Txapelketako seigarren jardunaldian
Banakako zesta-punta txapelketako lehen bi jardunaldiak lehiatu dira
Basquek, Goixerrik, Cosmek eta Ladutxek irabazi dute eta hurrengo fasera sailkatu dira
Unai Alberdik Euskal Herriko Lau eta Erdiko Elite Txapelketa irabazi du
ILUNPE klubeko pilotari gipuzkoarrak 22-13 irabazi zion OBERENA klubeko Canabali final ikusgarri batean