HERRI KIROLAK/SEGA
Bertan behera gelditu da Euskal Herriko I. Sega Sail lehiaketa
Igande honetan jokatzekoa zen Hernanin Euskal Herriko I. Sega Sail lehiaketa baina egoerak hala behartuta, lehiaketa bertan behera uztea erabaki du Almitza sega elkarteak.
Pena handiz, baina egun bizi dugun osasun egoerak behartuta hartu dute erabakia. Aurtengoan lehiaketa berriro antolatzea zaila izango dela gaineratu dute antolatzaileek, baina hala ere, betiko moduan lanean aurrera egiteko gogotsu agertu dira.
Urte gogorra izan da honakoa, herri kirolei dagokienez orokorrean eta, segalaritzak bereziki, oso egoera zaila bizi du. Almitza Sega Elkartetik, aurtengoan bi ekitaldi antolatu dituzte nazioarteko moduan, Usurbil eta Zaldibian. Bestalde, herri kirol federazioak urtero antolatu ohi dituen sega txapelketak, bertan behera geratu dira.
Berriki, hainbat segalarirekin eta sega munduko hainbat eragilerekin bildu ondoren, txapelketa berri bat antolatzea erabaki zuen elkarteak, nahiz eta txapelketa ofiziala izan ez arren: emakumeen eta gizonen Euskal Herriko I. Sega Sail Lehiaketa. Urriaren 25ean, igandea, 12:00etan hasita jokatzekoa zen Hernaniko (Gipuzkoa) Jauregiko belardian, baina esan bezala, tamalez bertan behera geratu da azkenean.
Emakumezkoen zein gizonezkoen lehiaketa antolatua zuten. Lehenik neskak ziren jokatzekoak (20-25 minutuko lana), eta jarraian gizonezkoak (35-40).
Lehiaketa honetan parte hartuko zuten segalarien izenak ere jakinarazi zituen Almitzak: iaz Euskal Herriko Sega Txapelketako txapela lortu zuen Ibai Pardo, Julen Gabirondo iazko txapeldunordea, Iñigo Merkader eta Mikel Lizartza. Iazko lau finalistei egin zitzaien gonbidapena baina Jon Otegi ezingo da bertan egon. Emakumeetan, berriz, Irati Astondoa, Alaitz Imaz, Malou Henriksen eta Ainara Otamendi arituko dira lehian.
Euskal Herriko I.Sega Sail Lehiaketak, ohiko sega txapelketekin alderatuta, berrikuntzak zituen: orain arte ez bezala, emaitza belar saila bukatu ahala jakingo zen. Horrez gain, ez zen belarrik pisatuko eta iraupeneko lana izango zen.
Euskal Herriko lauko sokatira txapelketa, Ozetan
Ozetan 300 kilotan aritu ziren gizonezkoak eta 260tan emakumezkoak
Urrezko Aizkolari Kopako 5. jardunaldian Jon Rekondo gailendu da
Leitzan jokatu zen Urrezko Aizkolari Kopako 5. Kanporaketa
Beti Gazte nagusi, lauko goma gaineko sokatiran
Lesakarrak nagusitu dira Euskal Herriko Txapelketan, emakumezkoetan zein gizonezkoetan