ESKUBALOIA

Bera Berak hirugarren kanporaketan hasiko du Europa Ligako ibilbidea

by | 2020/07/22

Argazkiak: berabera.com

Super Amara Bera Bera, 2020/21eko Europako Ligako azken eta hirugarren kanporaketan hasiko da lehian azaroan, EHFak iragarri berri duen bezala

 

Covid19 gaitzak eragindako egoeraren ondorioz, eskubaloi txapelketa eten egin zen Espainiar estatuan, Super Amara Bera Bera lidergoan zegoela, eta geroago lehiaketa amaitutzat emateko erabakia hartu zenean txapeldun bezala amaitu zuen denboraldia talde donostiarrak.

Horren ondorioz, Ohorezko Maila Ligako txapeldun gisa, SUPER AMARA Bera Berak 2020-21 denboraldirako EHF Cupen ordez prestatu den EHL (European Handball League) txapelketa berrian parte hartzeko izena eman zuen.

Orain, EHLko antolakuntzak partehartzaileen zerrenda definitiboa zein lehiaketaren (Europa Liga berri honek EHF Kopa ordezkatzen du) egitura zehatza jakitera eman du, zeinean guztira 34 talde arituko dira.

Europa Federazioak irailean jokatzekoa zen Q1 fasea bertan behera utzi du eta beraz txapelketa urriaren 10ean hasiko da Q2 deituriko fasea abian jarrita, non sei talde onenak Q3 fasera sailkatuko diren.

Azkenean, Super Amara Bera Bera taldea azaroan lehiatuko den Q3 fasean kokatu dute eta beraz talde donostiarrak kanporaketa bakarra gainditu beharko du Multzoko Faserako txartela eskuratzeko, bere aurkaria nor izango den urriaren amaieraldera jakingo duelarik.

Q3 fasean 24 talde lehiatuko dira eta fase horretan zuzenean aritzeko txartela 18k erdietsi dute, zeinean joan-etorriko kanporaketa jokatuko duten eta 12 talde irabazleek 2021ko urtarrila zein otsailean lehiatuko den Multzoko Fasera sailkatuko dira. Orotara 16 talde arituko dira multzoen fasean, lau multzo ezberdinetan.

Europako Eskubaloi Federazioaren zuzendaritza batzordeak hartutako erabakien ondorioz ere, Herning-Ikast daniarra, hungariako Siofok taldea, Minaur Baia Mare errumaniarra eta Lada errusiarra dira MultzoKo Faserako zuzen-zuzenean sailkatu diren taldeak.  Aurreko urteetan, Champions Leagueko taldeentzako ziren lau txartel hauek, baina orain Europako Liga txapelketa independientea da. multzoen fasean 16 talde dituena, lau multzo ezberdinetan.

KIROLA ETA EUSKARA

Share This