HERRI KIROLAK

Beñat Amadek irabazi du Bizkaiko pentatloia

by | 2020/10/21

Argazkiak: egursport.com

Beñat Amade getxoztarra nagusitu da Bizkaiko Pentatloi Txapelketan

 

Pasa den larunbatean, urriak 17, jokatu zen Algortan Bizkaia mailan lehenengo aldiz antolatu den pentatloi txapelketa. Biotz Alai plazan zazpi kirolari aritu ziren nor baino nor gehiago, txapelaren bila, azkenean Beñat Amade nagusitu zelarik.

Txapelketa 12.00etan hasi zen eta parte-hartzaileak honakoak izan ziren: Beñat Amade (Getxo), Unai Ardeo (Getxo), Mikel Agirre (Ondarroa), Ousmane Drame (Barakaldo), Jon Gisasola ‘Zelai V’ (Mallabia), Ioritz Gisasola ‘Zelai IV’ (Mallabia) eta Daniel España (Segovia).

Pentatloian, izenak berak dioen moduan, bost kirol egiten dira, baina kasu honetan, herri kirol proba konbinatua da. Egin beharreko lanak honakoak: 15 jasoaldi 100 kg-ko bola batekin; 400 kiloko harria arrakastaka eramanez, bi untza osatzea (untza bakoitza 28 metrokoa da); aizkoraz 45 ontzako lau enbor ebakitzea; 50 kg-ko txingak eramanez 6 untze burutzea, eta 1,5 km-ko ibilbidea korrika egitea.

Esan bezala, Beñat Amade izan zen proban parte hartu zuten zazpi kirolarietatik onena, aizkoran ondo aritu eta korrikan jaun eta jabe izan ondoren. Atzetik, Ioritz Gisasola mallabiarra txapeldunorde geratu zen eta hirugarren postua Mikel Agirre ondarrutarrak eskuratu zuen. Jon Gisasola (Ioritzen lehengusua ) podiumaren atarian geratu zen, laugarren postuan.

Aforoa mugatua zegoen egun bizi dugun osasun egoeraren ondorioz, baina sarrera guztiak agortuta, 108 lagunek ekitaldia bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten.

SAILKAPENA

  1. Beñat Amade…………….. 28.26
  2. Ioritz Gisasola……………. 29.17
  3. Mikel Agirre…………………29.49
  4. Jon Gisasola…………………32.27
  5. Daniel España…………….. 38.34
  6. Unai Ardeo…………………. 40.10
  7. Ousmane Drame………… Erretiratu egin zen, aizkorako lanak burutu ondoren, lesioa jasan ostean.

Herri kirol jaialdia Beasainen

Herri kirol jaialdia Beasainen

2021 Urrezko Binakako Aizkolari zein Harrijasotzaileen Txapelketen eta emakumezkoen Harrijasotze lehiaketaren jardunaldiak izan ziren

Herri Kirol jaialdia Diman

Herri Kirol jaialdia Diman

Bizkaiko 1. eta 2. mailako Aizkora Txapelketak. Orga Joko Txapelketa eta Ingude Txapelketa jokatu ziren pasa den igandean