EUSKAL PILOTA
Azpeitiko Erremonte Txapelketako finalistak zehaztu dira
Azpeitiko erremonte Txapelketak ezagutzen ditu finalistak dagoeneko, izan ere, Loitegi eta Barrenetxea IV.a sailkatu ziren finalera B multzoan eta Ansa II.a eta Martirena eskuratu zuten finalerako txartela A multzoan.
Pasa den larunbatean jokatutako jaialdiko lehenengo partiduan Loitegi eta Barrenetxeak 40-29 garaitu zituzten Urrutia II.a eta Larrañaga eta horri esker lortu zuten finalera sailkatzea.
Bi bikoteak lehenengo partidua irabazita iristen ziren eta euren arteko lehian erabaki zen dena. Urrutia II.a eta Larrañaga ongi sartu ziren partiduan eta agintea eraman zuten 25. tantora arte. Urrutia oso ongi aritu zen, Larrañagak ondo lagunduta. Loitegiri kosta zitzaion partidan sartzea, baina gero ongi irakurri zuen norgehiagoka.
Lau edo bost tantoko abantailak eskuratu zituzten urdinek, 25nako berdinketa arte. Hortik aurrera Barrenetxeak martxa bat gehiago sartu eta partida hautsi zuen. Sakearekin min gehiago egin zuen atzelari hernaniarrak eta gainera Oskar Urrutiari kalte egin zion eskuan hartu zuen pilotakada batek. Azken hamar tantoetan nekea nabaritu zuten urdinek eta ezin izan zioten markagailuari buelta eman.
Bigarren partiduan Ansa eta Martirena nahikoa zuten 32 tanto egitea finalera sailkatzeko, baina horrekin konformatu ez eta azkenean lau puntuak eskuratu zituzten, Urriza eta Labaka 35-40 gainditu eta gero.
Oso norgehiagoka piloteatua eta landua ikusi zen. Martirenak partida oso ona jokatu zuen eta konfidantza handiarekin ikusi zitzaion. Urriza pasa den astean baino hobeto aritu zen eta Ansak bere joko bolada onarekin jarraitzen du. Urrizak eta Labakak 31-29 aurretik jarri ziren, baina azken tantoetan aurrelari urnietarrak pilota guztietan asmatu zuen Labakari lan handiak jarriz. Gorriek bizi mugitu zuten pilota eta errebotean zulo handiagoa izan zuten urdinek, partida hor erabaki zelarik.
Datorren larunbatean 3. eta 4. postuaren bila irtengo dira Goikoetxea V.a-Zubiri eta Urrutia II.a-Larrañaga bikoteak eta txapelaren bila ariko dira berriz Loitegi-Barrenetxea IV.a zein Ansa II.a-Martirena.
Urriaren 23ko emaitzak Izarraitz frontoian Azpeitin
1. Loitegi-Barrenetxea IV 40 Urrutia II-Larrañaga 29
- Urriza-Labaka 35 Ansa II-Martirena 40
Plazandreak Torneoko laugarren jardunaldia lehiatu berri da
Reyes Azkoitiaren taldeak hartu du lidertza jardunaldi ikusgarri baten ostean
Laudio eta Amurriok jokatuko dute Arabako Herriartekoaren finala
Laudio eta Amurrio Gasteiz eta Aramaioren aurka nagusitu ziren, 2-1eko emaitzarekin finalerdi bietan
Ainhoa Lakuntza-Irati Tolosa bikoteak irabazi du XII.Paleta Txapelketa
Ainhoa Lakuntza zarauztarrak eta Irati Tolosa zizurkildarrak 30-13 irabazi zieten Saioa Iraola zarauztarra eta Maialen Manterola aiarrari