EUSKAL PILOTA
Azpeitiko Erremonte Txapelketako bigarren jardunaldia lehiatu da
Azpeitiko Erremonte Txapelketako bigarren jardunaldia lehiatu zen pasa den larunbatean Izarraitz pilotalekuan, gaueko 22:00etan hasita, bi norgehiagoka jokatu zirelarik bertan: Loitegik eta Barrenetxea IV.ak (Ilunpe) Segurolaren eta Aizpuru III.aren (Inpernue) kontra jokatu zuten lehen partida eta bigarrenean, berriz, Urriza eta Labaka (Oilo Soro) Goikoetxea V.aren eta Zubiriren (Gure Ametsa) aurka aritu ziren.
Loitegik eta Barrenetxea IV.ak 40-33 irabazi zieten Segurolari eta Aizpururi, eta Urrizak eta Labakak galdu egin zuten (30-40) beren lehen partida Goikoetxearen eta Zubiriren kontra.
Aurreneko partida orekatua hasi zen baina hamargarren tantotik aurrera gorriek hasi ziren zuloa irekitzen markagailuan (20-14 eta 30-20). Loitegi eta Barrenetxea 39-20 ere jarri ziren aurretik eta dena erabakita zegoela zirudienean urdinek hamairu tantoko erreskada egin zuten eta aldea nabarmen murriztu zuten (39-33). Hala ere, azkenean asmatu zuten gorriek partida ixten eta ondorioz Segurola-Aizpuru III.a bikotea finalera sailkatzeko aukera guztiak galdu zituen.
Datorren zapatuan, ligaxkaren azken jardunaldian, Urrutia II.aren eta Larrañagaren (Ardozaleak) kontra neurtuko dituzte indarrak Loitegik eta Barrenetxeak, eta partida hori irabazten duen bikotea sailkatuko da finala jokatzeko.
Bigarren norgehiagokan berriz, Goikoetxea V.a eta Zubirik garaipena lortu zuten baina orainarte hiru puntu soilik batu dituztenez, finalera sailkatzeko aukera guztiak galdu zituzten ere.
Zubirik sekulako partida jokatu zuen eta Goikoetxeak ere orainarte emandako maila hobetu zuen. Gorriak hasi ziren markagailuan aurretik (4-12) baina Urriza eta Labakak berdintzea lortu zuten eta aurretik ere jarri ziren (17-15). Hala ere, urdinek eutsi zioten aurkarien bultzadari eta jokoan arriskatuz 30-40 irabaztea erdietsi zuten.
Urrizak eta Labakak finalera iristeko aukerak mantentzen dituzte: datorren zapatuan Ansa II.ari eta Martirenari (Zokoa) irabazteaz gain, azken bikote horrek 32 tanto baino gutxiago egitea behar dute txapelaren bila borrokatu ahal izateko.
Aldaik eta Mendizabalek osatuko dute Nafarroa Arenako finala
Lizarrak bere emakume pilotariei egin dien omenaldi hunkigarriaren ostean
Hastear da Nafarroako Foru Komunitateko txapelketa gomazko paleta modalitatean
Guztira 54 pilotarik hartuko dute parte, hiru mailatan banatuta: kadeteak, 22 urtez azpikoak eta elitea
Ansa II-Juanenea eta Urriza-Zubiri, finalerdietarako bidean
Aldabe eta Larrañaga aldiz, sailkatzeko aukerarik gabe geratu dira