LASTERKETAK
Azkoitia-Azpeitia Nazioarteko Maratoi Erdia aurkeztu dute
Berriro ere kaleak pista bihurtzeko gogotsu agertu dira XXIX. AZKOITIAZPEITIA lasterketaren antolatzaileak, Aupa! lelopean, bi urte eta gero ilusioz ekin baitiote lanari aurtengo edizioari begira.
Martxoaren 26an izango da Diego Garciaren Oroimenezko XXIX. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, eta antolatzaileek kartela labetik atera berri dute Loiola hotelean egindako agerraldian, bi udaletako ordezkariak eta babesleak bertan zeudela. Kiroletako zinegotzi Angel Martinek parte hartu du aurkezpenean eta udal erakundearen babesa erakutsi die beste behin, izan ere, horrelako lasterketa bat bizirik mantentzeak zailtasun handiak ditu eta ezinbestekoa da erakundeen eta babesleen laguntza.
Urtarrilla amaieratik zabalik dago maratoi erdian zein lasterketa motzean izena emateko epea, eta antolatzaileek gomendatu dute izen-ematea lehenbailehen egiteko eta azken unera arte ez uzteko. Maratoi erdirako dagoeneko 500 lagunek eman dute izena. Hasiera batean, 600 parte-hartzailetan jarri zuten muga, baina kopurua altxatzea erabaki dute eta beste 300 dortsal gehiago prestatuko dituzte. Lasterketa motzean muga 350 korrikalaritan jarri zuten eta oraingoz 100 lagun inguruk eman dute izena.
Oraingoz, ez dituzte aurreratu proban parte hartuko duten eliteko atleten izenak, ezta maratoi erdiaren eguneko xehetasun gehiago ere. Datozen egunetan antolakuntzari dagozkion azken kontuak ixtea dute helburu antolatzaileek, eta bi aste barru emango dituzte honen inguruko zertzelada gehiago.
XXIX.AZKOITIAZPEITIA MARATOI ERDIAren zirkuitua honakoa izango da: Azkoitian hasten da zirkuitua, 5 km inguruko lehen itzuliarekin, hirigunetik igarotzen dena industrialdeetatik irten eta sartuz. Azpeitira iritsiko dira lasterkariak 14. kilometroan, eta bide berdean barrena joango dira zirkuituko punturik baxuenera (16 km), Azpeitiko alde zaharrean sartzeko. Loiola aldera egingo dute berriro jarraian, azken bi kilometroak egiteko, Azpeitiko publikoaren txaloen artean.
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia
Azkoitia-Azpeitia Nazioarteko Maratoi Erdia, lasterketa bat baino zerbait gehiago da. Bi herri bat eginik, goi mailako korrikalariak kaleetara ekarriz, korrikalari afizionatu eta herrikoiekin bat eginik. Talde lanean, eta adiskidetasunean oinarritutako lasterketa bat, erakunde publiko, kirol talde, korrikalari, elkarte gastronomiko, babesle, laguntzaile, boluntario edo norbanakoen batura da nazioarteko maratoi erdi hau.
Azkoitia-Azpeitiaren kirol maila ezaguna da, europako froga onenen artean dago, gizonezkoen mailan, IAAF erakundearen rankinean munduko 21.a delarik errepideko lasterketetan.
Skyrunner World Series Zirkuituaren egutegia aurkeztu dute
Egutegiko hamahiru proben artean, irailaren 26an jokatuko den Gorbeia Suzien lasterketa dago, Euskal Herrian egingo den bakarra
Zegama-Aizkorri mendi maratoia, ekainaren 6an
2020ko edizioa bertan behera utzi behar izan ostean, datorren urteko data zehaztu du lasterketaren antolakuntzak
Elgoibarko Mugertza Krosaren 78. edizioa bertan behera geratu da
Ikuslerik bildu ezinak eta 20 urtez azpiko lasterketarik ezin eginak atzera egitera behartu ditu antolatzaileak