LASTERKETAK
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, bertan behera
Covid-19ak eragindako egoera kontutan izanda eta erakundeek emandako aholku eta aginduak jarraituz, pasa den martxoan Diego Garciaren oroimenezko XXVII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia irailaren 19ra atzeratzea erabaki zuten zuzendaritzako kideek, ordurako COVID-19a kontrolpean egongo zela aurreikusita.
Ordutik hona, buru-belarri aritu dira antolakuntza lanak ziurtatzeko asmotan, baina azkenean ezinezkoa izan da eta aurtengo edizioa bertan behera uzteko deliberoa hartu berri dute.
Antolatzaileek adierazi dutenez, gaur egun ez dira gutxieneko baldintzak betetzen eta erantzukizunez jokatzeko momentua denez, maratoi erdia ez da 2020an jokatuko.
Normalitate berria deritzona beste modu batetara joango balitz lasterketa egiteko aukerak handiak izango ziren, baina antolakuntzaren aburuz, gaur egun ez dira betetzen gutxieneko baldintzak hoiek eta, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia behin betikoz bertan behera uztea erabaki dutela azaldu dute ohar baten bidez.
Aurtengoan, Runner bihotza lema ezarri zioten edizioari, eta buru-belarri zebiltzan proba antolatzen. Besteak beste, kamisetak prestatu, partaidetza areagotzeko prezio herrikoiak ezarri, korrikalarientzako GYM-SAC ekologikoa prestatu eta Azpeitiko nahiz Azkoitiko hainbat komertzioren laguntza lortu zuten. Dena prest zuten irailean proba gauzatu ahal izateko, baina tamalez COVID-19ak korrikalarien amets guztiak zapuztu dituela adierazi dute probaren antolatzaileek
Dena den, 2021. urteko proba prestatzen ari direla mahairatu dute antolatzaileek, eta lasterketaren data berria ere zehaztu dute: 2021eko martxoaren 20a.
Halaber, hurrengo egunetan partaideen izen-emateak kudeatzeko haiekin harremanetan jarriko direla jakitera eman dute, aukera desberdinak egongo direlarik (datozen egunotan emango dugu honen berri).
Ohar horretan, azkenik, orain arte egindako lan guztia nabarmentzeaz gain, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete babesle eta korrikalariei.
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia
2020ko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak XXVII. edizioa betetzekoa zuen aurten, eta Olinpiar Jokoen urtea zenez, izpiritu olinpikoarekin bat eginez aukeratu zuten Runner Bihotza leloa. XXVII. AzkoitiAzpeitia Maratoi Erdiaz (21.097m homologatuak) aparte, VIII. AzkoitiAzpeitia Lasterketa Motza ere lehiatzekoa zen, 8,06 kilometrotakoa.
Azkoitia-Azpeitiaren kirol maila ezaguna da, europako froga onenen artean dago, gizonezkoen mailan, IAAF erakundearen rankinean munduko 21.a delarik errepideko lasterketetan.
Maddi Marquet eta Urko Herran garaile Zizurkilgo Duatloian
Zizurkilgo I. Duatloian Gipuzkoako Duatloi Txapelketa izan zen jokoan ere hainbat mailetan
Onditz Iturbe eta Javi Goitia Kilimon Trailean gailendu dira
Mendi lasterketen EMF kopako bigarren proba lehiatu zen larunbatean Mendaron
Silvia Triguerosek Trencacims ultratraila irabazi du
Hamabi ordutik gora behar izan ditu 75 kilometroko ibilbide gorabeheratsua egiteko