LASTERKETAK
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia, bertan behera
Covid-19ak eragindako egoera kontutan izanda eta erakundeek emandako aholku eta aginduak jarraituz, pasa den martxoan Diego Garciaren oroimenezko XXVII. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia irailaren 19ra atzeratzea erabaki zuten zuzendaritzako kideek, ordurako COVID-19a kontrolpean egongo zela aurreikusita.
Ordutik hona, buru-belarri aritu dira antolakuntza lanak ziurtatzeko asmotan, baina azkenean ezinezkoa izan da eta aurtengo edizioa bertan behera uzteko deliberoa hartu berri dute.
Antolatzaileek adierazi dutenez, gaur egun ez dira gutxieneko baldintzak betetzen eta erantzukizunez jokatzeko momentua denez, maratoi erdia ez da 2020an jokatuko.
Normalitate berria deritzona beste modu batetara joango balitz lasterketa egiteko aukerak handiak izango ziren, baina antolakuntzaren aburuz, gaur egun ez dira betetzen gutxieneko baldintzak hoiek eta, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia behin betikoz bertan behera uztea erabaki dutela azaldu dute ohar baten bidez.
Aurtengoan, Runner bihotza lema ezarri zioten edizioari, eta buru-belarri zebiltzan proba antolatzen. Besteak beste, kamisetak prestatu, partaidetza areagotzeko prezio herrikoiak ezarri, korrikalarientzako GYM-SAC ekologikoa prestatu eta Azpeitiko nahiz Azkoitiko hainbat komertzioren laguntza lortu zuten. Dena prest zuten irailean proba gauzatu ahal izateko, baina tamalez COVID-19ak korrikalarien amets guztiak zapuztu dituela adierazi dute probaren antolatzaileek
Dena den, 2021. urteko proba prestatzen ari direla mahairatu dute antolatzaileek, eta lasterketaren data berria ere zehaztu dute: 2021eko martxoaren 20a.
Halaber, hurrengo egunetan partaideen izen-emateak kudeatzeko haiekin harremanetan jarriko direla jakitera eman dute, aukera desberdinak egongo direlarik (datozen egunotan emango dugu honen berri).
Ohar horretan, azkenik, orain arte egindako lan guztia nabarmentzeaz gain, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete babesle eta korrikalariei.
Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia
2020ko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak XXVII. edizioa betetzekoa zuen aurten, eta Olinpiar Jokoen urtea zenez, izpiritu olinpikoarekin bat eginez aukeratu zuten Runner Bihotza leloa. XXVII. AzkoitiAzpeitia Maratoi Erdiaz (21.097m homologatuak) aparte, VIII. AzkoitiAzpeitia Lasterketa Motza ere lehiatzekoa zen, 8,06 kilometrotakoa.
Azkoitia-Azpeitiaren kirol maila ezaguna da, europako froga onenen artean dago, gizonezkoen mailan, IAAF erakundearen rankinean munduko 21.a delarik errepideko lasterketetan.
Gasteiz Duatloia urriaren 10ean egingo da
Sprint distantziako lasterketaren I. edizioan 300 atletak baino gehiagok hartuko du parte
Jon Duran eta Enara Oronozek irabazi dute Urduñako Mendi Duatloia
Errelebokako sailkapenean Ibon Ruiz de Alda eta Hugo Teixeira nagusitu ziren
Ainara Uribarri eta Aitor Ajuria garaile Sorginen Lasterketan
Aurtengo ibilbidean aldaketak egon dira eta hemendik aurrera lasterketa osoa mendi bidetik egingo dute