EUSKAL PILOTA

Axier Arteaga, Promozio Mailako Buruz Buruko txapeldun

2020/11/29

Argazkiak: aspepelota.eus

Axier Arteaga lasartearrak bigarrenez irabazi du Promozioko Buruz Burukoa, Aitor Elordi mallabitarrari nagusitasunez irabazita (12-22)

 

Arteaga II.a faboritoa zen eta zuen hutsik egin. Lehenengo mailako manomanistan aritutakoa da, 2019an aurreneko kanporaketan erori zen Artolaren aurka (22-11) eta 2018an aldiz, Elezkanoren aurka 22-6 galdu zuen. Aurretik 2017ko Promozioko txapelduna izan zen (Joanes Bakaikoari 22-18 irabazita), oraingoan lehiaketa honetako txapela bigarrenez jantzi duelarik. Ez da oso gauza ohikoa, izan ere, Arteagaz aparte, orainarte soilik bi pilotarik lortu dute Promozioko txapela birritan etxeratzea: Angel García Ariño (1958,1962) eta Oskar Lasa (1995,1996).

Esan bezala, Axier Arteagak irabazi du berriz Promozio Mailako Buruz Buruko Txapelketa, Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatutako finalean. Nahiz eta hasierako tantoetan dezente sufritu arren,  partidaren bigarren zatian jaun eta jabe izan zen gipuzkoarra eta garaipen erosoa eskuratu zuen.

Orohar ez zen norgehiagoka ikusgarria izan, tartean hutsegite gehiegi egon zirelarik, batez ere Aspeko pilotariaren partetik (13 huts). Lasartearra 1-4 hasi zen agintzen, baina hurrengo tantoetan bizkaitarra nagusitu zen eta 6na berdindu ostean, apurka-apurka markagailuan tartea irekitzea lortu zuen (10-6). Orduan, Elordik behera botatako dejada batek sakea eman zion Arteagari eta hortik aurrera neurketa zeharo aldatu zen. Lasartearrak sekulako sarraskia egin zuen sakearekin (lau tanto eginda) eta hamaika tanto erreskadan egin zituen, 10-6tik 10-17ra joan zelarik zuzenean.

Bigarren atsedenaldia heldu zenerako, Arteagak norgehiagoka poltsikoan zuen (11-18) eta jarraian partidua azkar ixten ongi asmatu zuen, sakez egindako bere bosgarren tantoarekin igoarazi zuelarik azken 12-22koa Beotibarreko markagailura.