MENDI LASTERKETAK

Aurtengo Zegama-Aizkorri mendi-lasterketa bertan behera geratu da

by | 2020/04/02

Koronabirusaren eraginaren ondorioz, Zegama-Aizkorri mendi lasterketaren 19. edizioa ez da aurten egingo

 

2020ko Zegama-Aizkorri mendi-lasterketa bertan behera geratu da eta beraz Golden Trail World Serieseko lehen proba ez da aurten egingo (Golden Trail Series lehiaketa munduko mendi lasterkaririk onenak biltzen ditu eta zazpi proba dira orotara).

Zegama-Aizkorri lasterketaren 19. edizioa maiatzaren 24rako zegoen aurreikusita, baina Eusko Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta osasun elkarteen aholkuak jarraituta, bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek, horretarako propio aterata oharrean jakinarazi dutenez.

2020ko probaren baitan XIX.en Zegama-Aizkorri Mendi Maratoia, IX.en Zegama-Aizkorri Junior Trail eta VI.en Zegama-Aizkorri Kilometro Bertikala lehiatzekoak ziren, eta hirurak bertan behera geratu dira.

Antolatzaileen esanetan, gogotsu eta ilusioarekin ari ziren aurtengo edizioa prestatzen, baina Covid19aren pandemiaren ondorioz azkenean ezinezkoa izango da aurten egin ahal izatea. Segurtasuna izan da lasterketaren antolakuntzaren lehentasuna betidanik eta oraingoan ezin dute korrikalari, boluntario eta urtez urte mundu guztian zehar euskal zalegoaren nortasuna erakusten duen zalegoaren segurtasuna bermatu.

Gainera, ezinezkoa da baieztatzea dortsala duten parte hartzaile guztiak gure herrira etorri ahalko zirenik hemendik bi hilabetera, gauden egoeran egonda. Pairatzen ari garen pandemia mundo mailakoa izanik, ezin da jakin nazioarteko korrikalariak beraien herrialdeetatik irtetzerik izango duten edota gurean sartzerik. Hori dela eta, ezin da bermatu Zegama-Aizkorri lasterketan ohikoa izaten den lehiakortasun maila. Ezta ere gerturatu ahalko ziren kirolariak sasoi betean egongo zirenik, kontutan izanda ezin dutela modu egokian entrenatu.

Proba atzeratzea baztertu egin dute, hori egitekotan Zegamaren magia ez litzatekeela posible uste dutelako. Lasterketa guztiak dute data gutxi gora behera zehaztu bat urteko plangintzan, eta haien irudiko ez litzateke arduratsua izango besteen egutegietan sartzea. Nazioarteko lasterketa bat den aldetik, antolakuntzaren ustetan eliteko atletek errespetu bat merezi dute eta ezin zaie urtearen bigarren zatian lasterketa guztiak sartu eta beraien egutegiak bete, kirol honetan leheneratze eta atseden aldiak funtsezkoak baitira.

Bestalde, araudia jarraituz, izen ematea gauzatu zutenei osorik itzuliko zaie ordaindutakoa eta 2021erako gordeko dira zozketa eta denboraz lortutako dortsalak eta baita itxaron zerrendak ere. Hau dela eta, 2021ean ez da aurre izen ematerik egongo eta ezta dortsalen zozketarik ere.

Dena den, datorren apirilaren 3an, 19:00etan, Zegama-Aizkorriren Youtubeko kanalean prentsaurrekoa eskainiko dute hartutako erabakia hobeto azaltzeko, eta zalantzak argitzeko.

Azkenik, boluntario, babesle eta lasterketaren lagun haundi guztiei eskerrak ematen dizkiete, hartutako erabakiaren aurrean jasotako erabateko babesa eskertuz.

[Gu ere bai!] Herri oso bat gailurrean

[Gu ere bai!] Herri oso bat gailurrean

Everesteko espedizioa gogoratu eta omentzeko, Gu ere bai! ekimenak deialdia egin du asteburu honetan Euskal Herriko mendi gailurretara igotzeko