KIROLA ETA EUSKARA
Athletic Club Fundazioa, euskara sendotze bidean
«Euskara gure nortasunaren ikurrik kuttunena da eta merezi duen lekua izango du Fundazioan»
Jon Vazquez Eguskiza (Bilbo, 1978), Athletic Club Fundazioaren zuzendari orokorra da. Berarekin aritu gara Athletic-en euskara nola jorratzen den jakiteko.
Esan digutenez, Athletic-en Fundazioa arduratzen da euskara gaiaz. Nola dago egituratua Athletic kontu honetan?
Lehenik eta behin, guk Fundazioaren ardura hartu genuenean argazki orokor bat atera genion egoera guztiari. Sail bakoitza nola zegoen ikertuz eta horren inguruko erabakiak hartuz. Funtzionatzen zuten sareak indartuz eta berriak sortzeko asmoz.
Hor konturatu nintzen Fundazioak ez zuela euskarazko ziurtagiri ofizialik, nahiz eta ekintza ezberdin askoren parte izan. Beraz, ardura gain hartu eta 2019ko apirilean martxan jarri nuen prozedura bat, non helburua 2019ko abenduan BIKAIN ziurtagiri ofiziala lortzea zen. Fundazioko bertako langileen esku utzi nuen gaia, aurretik Fundazioarekin kolaborazio lanak eginiko kanpoko enpresa baten laguntzaz. Abenduan BIKAIN ziurtagiri orokorra lortu genuen eta ordutik helarazi zizkiguten hobekuntza planen betebeharretan dihardugu lanean.
Gehienbat, nire erronka izan da Fundazioa kaleratzea eta ikusgai egitearena. Webgune berri bat sortzea eta euskararen presentzia nabarmentzea ere helburutzat nuen. Fundazioaren logoa euskara hutsean dago.
Sinesten dut euskarak Fundazioan bere tokia izan behar duela, eta merezi duen garrantzia emango diogu. Gure nortasunaren ikurrik kuttunena da, bereizten gaituena.
Zeintzuk dira euskarekiko epe motzeko eta epe ertaineko erronka eta helburuak?
Nik ezin dut gure agintaldia baino haratago proiektatu, baina nire nahia Fundazio indartsu, iraunkor eta euskaldun bat bermatzea da.
Oinarrizko plan estrategiko bat sortzen ari gara Bikainek eta Bai Euskararik ezarritako hobekuntza ekintzekin.
Epe motzean eta egoera zalapartatsu hau amaitzean, parte hartzen genuen ekintza guztietan parte hartzen jarraitzea izango da helburua, besteak beste, Ibilaldia, Korrika, Euskal Eskola Publikoa, Euskaraldia (arigune izan nahi dugu, eta protagonista).
Fundazioan bertan ere ekimenak bultzatzen ditugu: Thinking Footballen euskarazko filmak egin, Bertso Derbya, Letrak eta Futbolean ere euskara presente mantendu, aurten Ainhoa Tirapuren ‘Bizitza Eskukadaka’ liburua aurkeztu dugu eta abar.
Gizarte arloan euskararen presentzia areagotu behar da; denbora laburrean handitzen doala begi-bistakoa da.
Gure enpresa babesle eta jarraitzaile euskaldunekin ere keinu bat izan nahiko genuke.
Euskararen Etxearekin, Azkue Fundazioarekin ere elkarlana jarri dugu abian eta proiektu interesgarriak garatu daitezke.
Ikusiko duzuenez, Fundazioak euskara sendotzeko ardura hartua du eta horretarako beharrezkoak diren ekimenak antolatzeko asmoa dugu.
Ze bitarteko eta ze ekintza plan duzue horretarako?
Bitartekariak Fundaziotik bertatik hartzen ditugu, bertako langileak dira, baita ditugun kolaborazio-erlazio itzeletatik ere. Instituzioekin nahiz enpresekin lan harremana oso oparoa da.
Ekintza planak aurreraxeago aipatutakoak dira.
Ze arazo nagusirekin topatzen zarete?
Topiko oso tipikoa dirudi baina pertsona eta denbora falta. Ez dut hau aitzakiatzat jarri nahi.
Gaur egun Fundazioa abiadura ikaragarrian doa. Hazkundea itzela da eta egoera batzuk astirago joatea eskatzen dute. Ez nabil euskararen inguruan hitz egiten soilik, baizik eta orokorrean.
Dena den, pentsatzen dut, oro har, indartsu jarraituko duela eta hazi oparo eta iraunkorra ereingo dugula Fundazioan.
Ze eskatuko zeniekete instituzioei eta gizarteari, zuen bidelagun izateko lagungarri izan litekeena?
Zenbat eta bidelagun gehiago hainbat eta hobeto. Egia esan erlazio ona dugu instituzioekin eta elkarlana bultzatzen dugu.
Gizarteari dagokionez, gure lema da gizartetik oso gertu izan behar dugula. Hau da, gizartearen nahiak, ardurak eta kezkak dira gureak. Gizarteko eragileei helarazi nahiko nieke Fundazioaren bidelagun izan nahi badute, bertako ateak zabal-zabalik dituztela. Konfiantza izan dezatela gugan eta ezagutu gaitzatela.
Aurrera begira, duzuen egitasmoen artean, zerk du lehentasuna?
Fundazio osoaren lehentasuna bera da.
Diseinatutako plan estrategikoa aitzindari izatea eta gure ildoa finkatzea. Jakin badakigu denboraz labur gabiltzala agintaldi honetan.
Euskararen kasuan, baita ere, Ibaiganetik Lezamara eramatearena da.
Nire ametsa eta desioa, etorkizunera begira, hazi sendo eta iraunkor bat ereitzearena da, eta lortuko dudalakoan nago.
“Futbolaren inguruko hizkuntz kultura berri bat sortu behar dugu”
Beñat Larrañagarekin hizketan, “Futbol entrenatzaile ikastaroak euskaraz” jardunaldiaren harira
Kirolean euskararen erabilera sustatzeko 2021-2024 plana aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak
Jokalarien artean, entrenatzailearekin edo epailearekin harremanak euskaraz ematea sustatu nahi du egitasmoak
Ahotik Zelaira, futbolean euskara indartzeko ekimen berri bat
Egitasmoan parte hartzen duen Haritz Otxotorenarekin solasean