Asteburu honetan lehen faseari dagozkion bi partida jokatu dira EHko Emakumezkoen III. Futbol koparen baitan. Abantok Osasuna hartu zuen etxean larunbatean, eta 2-3ko emaitzarekin nagusitu ziren gorritxoak. Bestalde, igandean, Aurrera de Vitoria erraz gailendu zitzaion Ipar Euskal Herriko konbinatuari, 2-19eko emaitzarekin. Honela ba, Osasuna eta Aurrera sailkatuko dira hurrengo faserako.
Larunbateko jardunaldian, Abanto eta Osasunaren arteko norgehiagoka jokatu zen Las Carreraseko zelaian. Gorritxoak gehiago izan ziren lehen zatian, eta 3 gol egin zituzten: Maite Orozek bi eta Maria Diazek bestea. Bigarren zatian, Abantokoak indarberriturik atera ziren zelaira, eta bi gol egin zituzten. Hala ere, 2-3ko emaitzarekin Osasunako neskak pasa dira final erdietara. Abuztuan jokatuko da eta Athletic izango dute aurkari.
Bestetik, igandean, Ipar Euskal Herria eta Aurrera de Vitoriaren arteko partida izan zen Donapaleun. 2 eta 19ko emaitzarekin oso errez nagusitu zitzaion Gasteizko taldea Iparraldekoari. Azken hau konbinatu moduan osatu zen, Maule, Ziburu, Garazi eta Donapaleuko neskekin. Futbol 7ra ohituagoak, zailtasunak izan zituzten arabarren joko onari gailentzeko.
Partidako jokalari nabarmendua Leire Fernandez Aurrera de Vitoriako jokalari ondarrutarra izan zen, bi gol besterik egin ez dituen arren, maila handiko jokoa egin baitzuen partida guztian zehar.
Horrela ba, arabarrak sailkatu dira hurrengo faserako. Arrasateko taldea izango dute aurkari datorren ostiralean, hilak 7, Olaranbeko zelaian arratsaldeko 7:15etan jokatuko den partidan.