EUSKAL PILOTA
Asteburu honetan hasiko da G.R.A.B.N.I 2021 txapelketa formatu berezian
GRABNI Txapelketa Eskal Herriko federazio ezberdinetako selekzioen arteko lehiaketa da, Errioxakoa ere parte hartzen duelarik (Gipuzkoa, Araba, Bizkaia, Nafarroa, Iparralde eta Errioxako federazioen selekzioak, alegia).
Covid-19aren ondorioz, espezialitate eta kategoria desberdinetako kopa sistemako txapelketak eramango dira aurrera asteburu desberdinetan. Asteburu honetan Zesta Punta eta Erraminta espezialitateekin hasiko dira eta hurrengo asteetan beste batzuk eramango dira aurrera.
Covid-19ak sortutako osasun larrialdiaren ondorioz agintari publikoek murrizketa desberdinak ezarri dituzte eta horien ondorioz, lehiaketa egutegian onartutako txapelketa desberdinak garaiz kanpo martxan jarri behar izan dira. Horrek txapelketa desberdinak garai berdinean antolatzea ekarri du eta hori dela eta G.R.A.B.N.I 2021 txapelketa ez-ohiko formatu batean antolatuko da.
Zesta Puntari dagokionez, gazte eta nagusi mailan jokatuko da finalerdi eta final sisteman. Bertan Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako federazioak parte hartuko dute eta finalerdiak, igande honetan, apirilak 25 goizeko 10:00etan hasita Zumaiko Aitzuri pilotalekuan jokatuko dira. Finala aldiz, Gasteizko Olabe pilotalekuan jokatuko da gasteiztarrentzat hain esanguratsua den San Prudentzio egunean, apirilak 28 18:00etan hasita hain zuzen ere.
Erramintako txapelketa Larruzko Paleta eta Pala Motza nagusi kategorian jokatuko da. Kasu honetan Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Errioxako federazioek izena eman dute eta horren ondorioz kanporaketa, finalerdi eta final sistema antolatu da. Igande honetan jokatuko da kanporaketa Sopelako pilotalekuan eta hurrengo larunbatean maiatzak 1, Sopelan baita ere, finalerdiak. Finala Iruñako Labrit pilotalekuan jokatuko da maiatzaren 8an.
Pasa den martxoaren 12an, koronabirusak sortutako osasun krisia zela eta, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak, agintari publikoen gomendioak jarraituz, G.R.A.B.N.I 2020 txapelketa atzeratzea erabaki zuen, baina larrialdi egoerak aurrera jarraitu zuenez azkenean 2020ko GRABNI txapelketa ez lehiatzea erabaki zuen.
2019an jokatutako federazioen arteko GRABNI Txapelketan, Nafarroak irabazi zuen ezker hormako lehia, 12 txapel lortuta, eta Bizkaia izan zen bigarrena, 9 txapelekin. Trinketeko lehian, berriz, Iparralde nagusitu 7 txapelekin, eta Bizkaia sailkatu zen bigarren postuan, 5 txapelekin.
Hauexek izan ziren, hain zuzen ere, sailkapenak:
EZKER HORMA
Nafarroa, 12 txapel (9 aldiz txapeldunorde)
Bizkaia, 9 txapel (6)
Gipuzkoa, 8 txapel (8)
Araba, 2 txapel (5)
Iparralde, 2 txapel (3)
Errioxa, txapel 1 (3)
TRINKETA
Iparralde, 7 txapel (5 bider txapeldunorde)
Nafarroa, 5 txapel (9)
Gipuzkoa, 3 txapel (1)
Bizkaia, 2 txapel (2)
Araba eta Errioxa, txapelik ez (0)
[Prentsa Oharra] Nazioarteko Pilota Federazioaren araudiaz
Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak Euskal Selekzioa onesteko bideari ekiteko asmoa dugu
.
Bixintxo Bilbao zigortuta, Munduko Txapelketan ikurrina ateratzeagatik
Nazioarteko Pilota Federazioko Diziplina Batzordearen arabera, «arau hauste larria da baimendu gabeko bandera bat atera izana»