EUSKAL PILOTA
Arrizabalaga-Aldai eta Larrarte-Ruiz de Larramendik jokatuko dute pilota mistoko finala
Binakako Emakume Master Cup txapelketako finalerdiak jokatu ziren larunbatean Beasainen
Olatz Arrizabalaga-Gentzane Aldaik eta Miren Larrarte-Olatz Ruiz de Larramendik eskuratu zuten martxoaren 29an Irunen jokatuko den pilota mistoko lehen finalerako txartelak.
Orain arte beti pilota goxoarekin arituak ziren Olatz Arrizabalaga (Gernika, 1997) eta Gentzane Aldai (Orozko, 1994) bikain moldatu eta finalerako sailkatu dira Amaia Aldai eta Arrate Bergarari 22-11 irabazita.
Hasieratik hartu dute aurrea markagailuan bizkaitarrak (7-1), atzean sendo eta erasoan asko asmatuta. Askotan dominatu dute tantoa arratiarrak eta Bergaran bizi den Tuterarrak, baina tantoa amaitzen ez dute asmatu eta horretan askoz eraginkorragoa izan da Olatz Arrizabalaga. Aurreko astean Getarian asmatu zuten oso kontra izan zuten partidari buelta ematen, baina gaurkoan oso aurkari sendoak izan dituzte aurrean eta ezinezkoa egin zaie.
Bestelako kasua da Miren Larrarte eta Olatz Ruiz de Larramendirena, izan ere, txikitatik etenik gabe aritu dira pilota mistoarekin eta, urrutira joan gabe, Bidartek Emakume Master Cupeko lau eta erdiko finala jokatu zuen abenduan Barakaldon.
Bidaniarra eta Olatzekoak faborito garbi bezala ekin diote partidari eta, hasieran abantaila lortu badute ere ez dute garaipen errazik izan, aurrealdean ohikoa duten trebezia ezin erakutsita. Hala, Leire Garai eta Nora Mendizabal partidan sartuta egon dira uneoro. Mendizabalek atzean sendo eutsi dio Ruiz de Larramendiri eta Leire Garaik pilota egoki mugitu du alderik alde, partida 12na berdintzea lortu dutelarik. Lehia luzatu den heinean, nekea agertu eta hutsegiteak nagusitzen joan dira, baina urdinek alde nabarmenak izan dituzten arren, Garai eta Mendizabal berriz ere tanto bakarrera gerturatu dira berriro, 20-19. Azken txanpan ordea, atzelari aurkaria gogor zigortzen asmatu dute eta horrek eman die finalerako txartela.
Hartara, binakako Emakume Master Cup txapelketako finala jokatuko dute Miren Larrarte eta Olatz Ruiz de Larramendik, martxoaren 29an Irungo Irantzun, Olatz Arrizabalaga eta Gentzane Aldairen aurka.
Estilo ezberdinetako bikoteen arteko lehia izango da finalean, batetik bizkaitarrek oso joko segurua egiten dute eta gipuzkoarrak eta nafarrak, berriz, atzelariaren kolpean (txapelketako indartsuena ziurrekin) oinarritzen dute haien jokoa, aurrean ere bikain moldatzen delarik Larrarte errematean.
Bestalde, larunbat honetan pilota goxoko finalerdiak lehiatuko dira: Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi /Irantzu Etxebeste-Leire Etxaniz eta Eneritz Arrieta-Amaia Jaka / Nagore eta Leire Galeano.
Aurtengo Txapelketa
Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketak indartsu jarraitzen du eta aurten ia ehun pilotarik, zehatz esanda 94k, –47 bikotek– hartuko dute parte Binakako txapelketan.
2020ko Binakakoa bi kategoriatan jokatuko da: ohiko pilota goxoakoak jarraitzen du jarraitzailerik gehien izaten, (35 bikote izango dira, 70 pilotari), eta geroz eta parte hartzaile gehiago erakartzen ari den pilota mistokoan 12 bikote arituko dira lehen ekitaldi honetan.
Txapelketa osoa Gipuzkoako pilotalekuetan jokatuko da. Ataun, Antzuola, Villabona, Deba eta Berastegik lehen aurrekanporaketak hartuko dituzte. Getarian eta Pasaian, final-laurdenetako jaialdiak izango dira, eta finalerdiak Beasainen, martxoaren 8an eta eta Elgoibarren, martxoaren 14an jokatuko dira. Bi mailetako finalak martxoaren 29an jokatuko dira Irunen.
Malerrekako pilota erronkako ligaxka amaitu da
Mendaur eta Ekaitza izango dira aurrez aurre datorren igandeko finalean
Ansak eta Barrenetxeak partida ikusgarria irabazi dute
40-38 irabazi zieten Urriza eta Azpirozi mailako ikaragarriko partida batean
Sagardoaren Txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu da
Oialume Zarrek eta Setienek finalerdietan sartzeko pauso garrantzitsua eman dute