EUSKAL PILOTA
Arrizabalaga-Agirre bikoak irabazi du Emakumezkoen Esku-pilotako IV. Bizkaia Torneoa
Pasa den martxoaren 18an hasitako emakumezkoen Bizkaia eskupilota Torneoaren laugarren edizioari amaiera eman berri diote, larunbat honetan, apirilaren 23an, arratsaldeko 15:15etan, jokatu delarik txapelketako azken jardunaldia.
Txapelketan aritu diren lau bikoteak honako hauek izan dira: Aldai eta Mendizabal; Arrizabalaga eta Agirre; Garai eta Gaminde; eta, azkenik, Larrarte eta Oses.
Lehenengo eta behin, hirugarren eta laugarren postuak zehazteko norgehiagoka jokatu zen, Miribillako jaialdia ireki zuen lehian, non Leire Garai eta Enara Gaminde Miren Larrarte eta Uxue Osesen aurka aritu ziren. Partida honetan, joan den ostiralean, hilak 8, finalerdietan galdu zuten bi bikoteak izan ziren aurrez aurre. Bi bikoteak pare-parean daude eta hori berretsi zen larunbateko lehian ere, non azkenean Miren Larrartek eta Uxue Osesek Leire Garai eta Enara Gaminde gainditu zituzten 22-18ko emaitzarekin.
Jarraian, final haundiaren txanda izan zen, bertan Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre eta Amaia Aldai-Nora Mendizabal bikoteek neurtu zituztelarik indarrak.
Azkenean, Arrizabalagak eta Agirrek irabazi zituzten Bizkaia Torneoko laugarren edizioko txapelak. Pilota oso biziekin, sakea izan zen txapeldunen arma nagusietako bat, eta 22-11 gailendu zaizkio Amaia Aldai eta Nora Mendizabali.
Arrizabalaga eta Agirre nagusi izan zirenmarkagailuan ia lehen pilotakadatik (0-2, 1-4, 2-6 eta 3-10), baina aurkariek emozioa jarri zioten partidari 0-7ko partzial baten bidez, markagailura eraman zutelarik arratsaldeko berdinketa bakarra (10-10).
Hala ere, Gernikako aurrelariak eta Zestoako atzelariak errotik moztu zuten bikote gorriaren erreakzioa, eta handik aurrera jaun eta jabe izan ziren. 12-1eko partzialarekin partidua itxi zuten eta txapelak etxera eraman zituzten (22-11).
Inuntziagaren neskak finalean izango dira
Mikel Inuntziagaren taldeak eta Reyes Azkoitiarenak jokatuko dute beraz, abuztuaren 27an, Laboral Kutxa Udako Torneoaren final handia
Juaneneak finalerdietako ligaxkarako txartela eskuratu du
Goikoetxeari 30-24 irabazi ondoren, Endika, Urriza eta Barrenetxearekin batera jokatuko du hurrengo fasea
Hormaetxea eta Aldazabalek irabazi dute Donibane Lohitzuneko laugarren masterra
Bide batez, hastear den Grand Slam Txapelketarako sailkapena zehaztuta geratu zen