HERRI KIROLAK
Aritz Irazabalek irabazi du Bizkaiko II. Pentatloia
Argazkiak: egursport.com
Pasa den larunbatean, urriaren 30ean, Bizkaiko II. Pentatloi Txapelketa jokatu zuten Algortako Biotz Alai plazan, 12:00etatik aurrera
Beñat Amade, Aritz Irazabal, Ousmane Drame eta Daniel España herri kiroletako bost probetan aritu ziren nor baino nor gehiago. Hasiera batean, sei kirolarik parte hartzekotan ziren, baina azkenengo momentuan, mina hartuta zeudela-eta, Mikel Agirrek eta Unai Ardeok ezin izan zuten norgehiagokan parte hartu.
Egin beharreko lana honako hau izan zen: 15 jasoaldi 100 kiloko bolari, giza proban plaza bi 400 kiloko harriari tiraka, lau enbor aizkoran, 50 kiloko txingarekin lau plaza eta 1.500 metro korrika.
Azkenean, Aritz Irazabal ugaotarrak irabazi zuen Bizkaiko II. Pentatloia, iaz txapeldun izandako Beñat Amade getxoztarrari gailenduta. Irazabalek 23 minutu eta 44 segundoko denbora egin zuen, bigarren sailkatu zen Amaderi lau segundoko aldea aterata. Hirugarren eta laugarren gelditu ziren Ousmane Drame eta Daniel España kirolariak.
Sailkapen nagusia:
Aritz Irazabal 23′ 44” (harrijasotzen 2´16´´, giza proban 6´39´´, aizkoran 15´06´´, txinga eruten 16´35´´ eta korrika 23´44´´)
Beñat Amade 27′ 44” (harrijasotzen 2´23´´, giza proban 6´38´´, aizkoran 19´32´´, txinga eruten 21´09´´eta korrika 27´44´´)
Ousmane Drame 31′ 38′‘ (harrijasotzen 2´07´´, giza proban 7´48´´, aizkoran 21´35´´, txinga eruten 23´11´´ eta korrika 31´38´´)
Daniel España 35′ 08” (harrijasotzen 3´44´´, giza proban 9´23´´, aizkoran 23´28´´, txinga eruten 25´37´´ eta korrika 37´08´´)
Iazkoa edizioa
2020ko urriaren 17an jokatu zen Algortan Bizkaia mailan lehenengo aldiz antolaturiko pentatloi txapelketa. Biotz Alai plazan zazpi kirolari batu ziren, txapelaren bila; horietatik denetatik, Beñat Amade getxoztarra gailendu zelarik, aizkoran ondo aritu eta korrikan jaun eta jabe izan ondoren. Ioritz Gisasola mallabiarra txapeldunorde geratu zen eta hirugarren postua Mikel Agirre ondarrutarrak eskuratu zuen.
Izetatarrek eta Arruti-Orbek irabazi dute euskal pentatloia
Jexuxmari Iruretagoiena Izeta III.a-Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Garazi Arruti-Lucia Orbe garaile Binakako Euskal Pentatloian
Sega Ligako lehen bi jardunaldiak jokatu dira
Ligako hirugarren eta azken saioa Etxalekun jokatuko da uztailaren 3an, bertan erabakiko direlarik txapelak
Herri Kirol Txapelketen finalak jokatu ziren igandean Lekunberrin
Aizkoran Hodei Ezpeleta nagusitu zen eta harri-jasotzen Urdax Magunazelaia eta Karmele Gisasola