EUSKAL PILOTA
Arbek eta Lopezek irabazi dute Hondarribiako Grand Slama
Arbek eta Lopezek irabazi dute Hondarribiako Grand Slama, ostiral gauean jokaturiko finala hiru setetan erabaki zelarik (15-7, 6-15 eta 5-3)
Zale ugari bildu ziren Jostaldi pilotalekuan ostiral gauean, harmailetan 500 lagun baino gehiago bildu zirelarik pilotazaleei animoak ematen.
Ez zioten hasiera ona eman partidari Erkiaga eta Etxetok eta gorriek aldiz bikain asmatu zuten lehen joko honetan, berehala zuloa ireki zutelarik markagailuan (8-2). Lopezek behin eta berriro kolpatzen zuen pilota Etxetorengan presio guztia jarriz, Erkiaga jokoz kanpo zegoen eta Arbek tantoa amaitzen asmatu zuen. Gauzak horrela, nahiko eroso irabazi zuten lehen jokoa Arbe eta Lopezek (15-7).
Bigarren jokoa berriz desberdina izan zen, izan ere, Erkiaga maisuki aritu zen zaleen gozamenerako eta 0-5 aurretik jarri ondoren gerora ez zuten arazorik izan urdinek jokoa ixteko. Etxeto atzean seguru ibili zen honakoan, eta Arberen hutsegiteak medio 2-12ra joan ziren zuzenean. Jarraian lau tantoko erreskada egin zuten gorriek baina ordurako dena erabakita zegoen, azkeneko emaitza 6-15koa izan zelarik.
Finala hirugarren joko erabakigarrian erabakiko zen beraz. Lehenengo tantoa gorrien alde erori zen Etxetok bi pareta batekin gehiegi arriskatu ondoren eta hurrengo bi tantoak ere haien alde erori ziren (3-0).
Orduan, Erkiaga agertu zen eta tantoa dominatu ostean ederki errematatzen asmatu zuen (3-1). Arbek egin zuen hurrengo tantoa (4-1) baina berriro ere etorri zen Erkiagaren susperraldia, hurrengo bi tantoak maisuki irabazi zituelarik (4-3). Azkeneko tantoa berriz Arberen erremate baten eskutik etorri zen, hartara 5-3ko emaitzarekin Arbe-Lopez bikoteak Hondarribiako Grand Slama irabazi zuelarik.
Markagailuaren gorabeherak:
Lehenengo jokoa: 2-0, 2-2, 5-2, 5-3, 6-3, 6-4, 7-4, 7-6, 9-6, 9-7 eta 15-7.
Bigarren jokoa: 0-5, 1-5, 1-7, 2-7, 2-12, 5-12, 5-13, 6-13 eta 6-15
Berdinketa hausteko hirugarren jokoa: 3-0, 3-1, 4-1, 4-3 eta 5-3
Eusko Label Binakako Pilota Txapelketaren finalerdiak jokatu dira
Datorren igandean, otsailaren 27an, 12:00etan hasita jokatuko dituzte finalak Azkoitiako Gurea pilotalekuan
Eskuz binakako Master Laboral Kutxa txapelketako saioa jokatu da Elduainen
Hainbat partida jokatu ziren pasa den igandean, goizeko 10:30etatik aurrera Udal pilotalekuan
Barrenetxeak jokatuko du 2022ko Iparlur Masterseko finala
Juaneneari gailendu zaio finalerdian, argi eta garbi (30-14)