EUSKAL PILOTA
Arbe eta Aimar, txapeldun Mutrikun
Danok Bat Pilotazale Elkarteak antolatzen duen Mutrikuko Master Serieseko finala jokatu zen Mutrikuko Miruaitz frontoian ostiral gauean, 22:00etatik aurrera, harmailetan giro bikaina zegoelarik.
Azken orduko aldaketak egon ziren, izan ere, Jon Goenagak positiboa eman zuen PCR frogan eta beraz ezin izan zuen finala jokatu bere ordez Jokin Arbe aritu zelarik. Arbek gaueko lehenengo partiduan jokatu behar zuen (finalerdiak galdu zituzten bi aurrelariak, Goiko eta Goixerri, biak daude lesionatuta, eta horregatik Arberen parte hartzea) Aratz Mendizabalekin batera, eta bera ordezkatzeko Eñaut Urresti mutrikuarra kantxaratu zen pilota jaialdia ireki zuen aurreneko lehian.
Finalerdietan, Barandikak eta Manzisidorrek 2 set eta 0 irabazi zieten Goikoetxeari eta Aratzi. Beste finalerdikoan, Goixerri lesionatu zen. Lehenengo seta irabazita, bigarrenean ere aurretik ziren Lekerika eta biak, baina kantxa utzi behar izan zuen eta ondorioz Goenagak eta Aimar Aldazabalek jokatu zuten finala.
Gauzak horrela, buruz buruko egungo txapelduna den eta berriki Markina-Xemeingo Master Seriesa irabazi duen Jokin Arbek beste titulu bat poltsikoratu zuen, Aimar Aldazabalekin honakoan, Barandika eta Manzisidorri irabaziz.
Lehenengo seta orekatua joan zen baina azkenean Aldazabal eta Arberen alde erori zen, bi tantoen aldeagatik, 13-15. Bigarren jokoan berriz, Barandika eta Manzisidor nagusitasunez aritu ziren kantxa gainean eta garaipen erosoa eskuratu zuten (15-7). Berdinketa hausteko setean erabaki zen beraz txapelaren jabeak nortzuk izango ziren, eta bost tantoetara lehiaturiko joko honetan urdinak nagusitu ziren, 1-5.
Lehenengo partiduan, hirugarren eta laugarren postuak argitzeko balio zuena, Antxonek eta Urangak 9-15, 15-12 eta 2-5 irabazi zieten Urreiztiri eta Mendizabali.
Erremontea abian jarriko da berriro ekainean
Dagoeneko entrenamenduak hasiak dira Galarretan eta Oriamendik lehiaketa antolatuko du
Udazkenera arte atzeratu da Euskal Herriko kluben arteko Nazionalaren azken fasea
Geratzen diren bi jardunaldiak, finalaurreko bat eta finala bera, iraila pasa arte ez dira jokatuko
Euskadiko Pilota Federazioak GRABNI txapelketa bertan behera utzi berri du
Antolakuntzak ez du posible ikusten txapelketaren datak berrosatzea bestelako txapelketekin topo egin gabe