EUSKAL PILOTA
Arbe eta Aimar, txapeldun Mutrikun
Danok Bat Pilotazale Elkarteak antolatzen duen Mutrikuko Master Serieseko finala jokatu zen Mutrikuko Miruaitz frontoian ostiral gauean, 22:00etatik aurrera, harmailetan giro bikaina zegoelarik.
Azken orduko aldaketak egon ziren, izan ere, Jon Goenagak positiboa eman zuen PCR frogan eta beraz ezin izan zuen finala jokatu bere ordez Jokin Arbe aritu zelarik. Arbek gaueko lehenengo partiduan jokatu behar zuen (finalerdiak galdu zituzten bi aurrelariak, Goiko eta Goixerri, biak daude lesionatuta, eta horregatik Arberen parte hartzea) Aratz Mendizabalekin batera, eta bera ordezkatzeko Eñaut Urresti mutrikuarra kantxaratu zen pilota jaialdia ireki zuen aurreneko lehian.
Finalerdietan, Barandikak eta Manzisidorrek 2 set eta 0 irabazi zieten Goikoetxeari eta Aratzi. Beste finalerdikoan, Goixerri lesionatu zen. Lehenengo seta irabazita, bigarrenean ere aurretik ziren Lekerika eta biak, baina kantxa utzi behar izan zuen eta ondorioz Goenagak eta Aimar Aldazabalek jokatu zuten finala.
Gauzak horrela, buruz buruko egungo txapelduna den eta berriki Markina-Xemeingo Master Seriesa irabazi duen Jokin Arbek beste titulu bat poltsikoratu zuen, Aimar Aldazabalekin honakoan, Barandika eta Manzisidorri irabaziz.
Lehenengo seta orekatua joan zen baina azkenean Aldazabal eta Arberen alde erori zen, bi tantoen aldeagatik, 13-15. Bigarren jokoan berriz, Barandika eta Manzisidor nagusitasunez aritu ziren kantxa gainean eta garaipen erosoa eskuratu zuten (15-7). Berdinketa hausteko setean erabaki zen beraz txapelaren jabeak nortzuk izango ziren, eta bost tantoetara lehiaturiko joko honetan urdinak nagusitu ziren, 1-5.
Lehenengo partiduan, hirugarren eta laugarren postuak argitzeko balio zuena, Antxonek eta Urangak 9-15, 15-12 eta 2-5 irabazi zieten Urreiztiri eta Mendizabali.
Donostiako Grand Slam zesta-punta txapelketa asteartean hasi zen
Zuloaga eta Zabalak Antxon-Aldazabal bikoteari irabazi zioten eta Arbe eta Urtasunek garaipena eskuratu zuten Aaron eta Izaguirreren aurka
Abian da Donostia Grand Slam zesta punta txapelketa
Astearte honetan, azaroak 24 hasiko da eta abenduaren 4an amaiera emango zaio lehiaketari, final haundia jokatuta
Urriza-Labakak eta Segurola-Barrenetxeak lortu dituzte lehenengo lau puntuak Binakakoan
Erraz irabazi zuten bi bikote gorriek, 40-26 eta 40-30 Juanenea-Larrañaga eta Etxarri-Endika bikoteen aurka, hurrenez hurren