EUSKAL PILOTA
Antiguako pilota txapelketako finalak larunbatean jokatu ziren
Aurreko larunbatean jokatzekoak ziren Antiguako Pilota Txapelketako finalak, baina eguraldi txarrarengatik atzeratu egin zituzten eta azkenean larunbat honetan jokatu dira, irailak 5, 11:00etan hasita.
Finalak honakoak ziren:
EMAKUMEZKOETAN Olatz Arrizabalaga vs Miren Larrarte
PROMESETAN Olaetxea-Lizeaga vs Fernandez-Apezetxea
NAGUSITAN Elola-Sarasa vs Espinal-Gascue
Elolak eta Sarasak nagusien mailako txapela jantzi zuten, Espinal-Gaskue bikoteari 22-17 irabazita partida borrokatu batean. Espinal-Gascue agintzen hasi ziren markagailuan, baina Elolak bere kolpea baliatu zuen eta aurkariak harrapatu eta gainditu ahal izan zituzten. Elola bera izendatu zuten finaleko jokalari onena.
Emakumezkoen mailan, partida ederra eskaini zuten bi pilotariek, ikusleen gozamenerako. Partidu orekatua espero zen, izan ere, Arrizabalaga, gaur egun sasoi betean dagoen pilotaria da, eta Larrarte, etorkizun handiko pilotaria da zalantza barik. Miren Larrarte gogoz borrokatu zen txapelaren bila, baina azkenean Olatz Arrizabalagak irabazi zion 18-16ko markagailuarekin.
Promesa mailan berriz, Fernández-Apezetxea bikoteak eskuratu zuen garaipena, Olaetxea-Lizeagari eroso irabazita (22-7).
Halaber, 72. Antiguako txapelketako banakako sariak ondorengoek irabazi zituzten:
“ANTONIO MAIZ OROMENEZKOA” saria, etorkizun handiena ikusten zaion pilotaria: EKAIN LIZEAGA
“CAMINO AGIRRE” saria, txapelketan zehar dotoreziaz portatu den pilotaria: IKER ESPINAL
“KOTISAL” saria, promesa mailan, finalean nabarmendu zen pilotaria: ANTTON APEZETXEA
“ANTZARA TABERNA” saria, nagusien mailan, finalean nabarmendu zen pilotaria: IÑAKI ELOLA
Antolakuntza lanak inoiz baino zailagoak izan diren arren oso pozik agertu ziren emaitzekin Antiguako txapelketako antolatzaileak, azkenean zailtasunak zailtasun, txapelketa ondo eta final ikusgarriekin amaitu baita. Gainera, finalak astebetez atzeratu behar izateak bere alde ona izan zuen, aldaketa horrek finalak 140 zaleren aurrean jokatzea ahalbidetu zuen eta.
Antiguako Txapelketako finalen emaitzak:
EMAKUMEZKOETAN
- Olatz Arrizabalaga 18 / Miren Larrarte 16
PROMESETAN
- Olaetxea-Lizeaga 7 / Fernandez-Apezetxea 22
ELITE
- Elola-Sarasa 22 / Espinal-Gascue 17
LURRALDEKA
- Bizkaiatik: 1 (Arrizabalaga)
- Errioxatik: 1 (Fernández)
- Gipuzkoatik: 3 (Larrarte, Liezeaga, Elola)
- Nafarroatik : 5 (Olaetxea, Apezetxea, Sarasa, Espinal, Gascue)
Finalak Antiguako Pilotazaleok elkarteko Youtube kanalaren bidez zuzenean ikusteko aukera egon zen.
Antiguako Txapelketa
Egoerak behartuta, formato motzagoan garatu da aurtengo edizioa, iazko 19 jaialdiak 9ra murriztu dituzte eta mutilen promesa eta nagusietan, zortzi bikotetik seira jaitsi behar izan dute partaidetza.
Eliteetan Espinal-Gaskue, Murua-Aldave eta Elola-Sarasak osatu dute A taldea eta Mata-Elizegi, Julen Alberdi-Irurita eta Ioritz Egiguren-Altuzarra izan dira B taldeko partaideak.
Promesetan, berriz, Josu Olaetxea-Lizeaga, Larrazabal-Ganboa eta Fernandez-Apezetxea izan dira lehen taldeko bikoteak eta Zabala-Ibarloza, De la Fuente-Morgaetxebarria eta Unai Alberdi-Santamaria bigarrenekoak. Ligaxka eran aritu dira eta multzo bakoitzeko bi onenak finalerdietara sailkatu dira.
Nesketan ere partaidetza murriztu behar izan dute eta lau izan dira parte hartu duten pilotariak: Olatz Arrizabalaga, Olatz Ruiz de Larramendi, Amaia Aldai eta Miren Larrarte.
Emakumezkoen txapelketan, kategoria bakarra egon da, eta lau partaideek jokatu dute bakarka, txapelketa finalaurreko fasean hasi zelarik.
Gizonezkoen kasuan, promesa eta senior kategoriak egon dira. Kategoria bakoitzean sei bikotek hartu dute parte, eta hiru bikoteko bi multzotan banatu dira. Ligaxka bakoitzeko bi onenak finalaurrekoetara sailkatu dira, eta ondoren finalak jokatu dira.
Ligaxkak abuztuaren 4tik 19ra izan dira, eta finalaurrekoak hil bereko 25 eta 26an jokatu dira. Final guztiak abuztuaren 29an lehiatu ziren.
Hasi da buruz buruko erremonte txapelketako final laurdenetako ligaxka
Aritz Juaneneak 19-30 irabazi zion Imanol Ansari Kutxabank Torneoko final-laurdenetako ligaxkaren estreinaldian
Tambourindeguyk eta Lekerikak irabazi dute Donibane Lohizuneko hirugarren Masterra
Jon Tambourindeguyk eta Unai Lekerikabeaskoak Goikoetxea eta Aldazabal bi jokotan menderatu dituzte, 11-15 eta 7-15
Nafarroako erremonte txapelketako aurkezpena egin dute
Bost bikotek jokatuko dute ostiral honetan hasi eta urriaren 10ean amaituko den txapelketa