EUSKAL PILOTA
Antiguako finalak atzeratzea erabaki dute
Pasa den larunbatean jokatzekoak ziren 72. Antiguako Pilota Txapelketako finalak, baina azkenean, antolatzaileek egokiena finalak atzeratzea dela erabaki dute
Eguraldiak eta kantxaren egoerak bultzatuta hartu dute erabakia, adierazi dutenez, ez baita egokia ez pilotarientzat ezta ikusleentzat ere. Finalen egun berria aurrerago jakinaraziko dutela gaineratu dute zabaldutako oharrean.
Pandemiaren eraginez, martxoan jada txapelketa bertan behera uzteko zorian egon ziren baina aurrera egitea erabaki zuten, orain berriz lehiaketaren bilakaeran arazo berriak topatu dituztelarik. Eguraldi txarra espero zenez, dagoeneko neurri batzuk hartuta zituen antolakuntzak, esaterako, frontoiko goiko harmailak ez irekitzea, eta beraz, sarrerarik ez saltzea. Pilotari bakoitzarekin doazen lau pertsonek bakarrik sartu ahal izatea zen antolatzaileen asmoa.
Tamalez, egoerak ez du onera egin eta asteburuko finalak momentuz bertan behera uzteko deliberoa hartu berri dute antolatzaileek.
Asteazkenean jokatu ziren partidek erabakita utzi zuten 72. Antiguako Pilota Txapelketako finalak nortzuk jokatuko zituzten.
Emakumezkoetan, Olatz Arrizabalaga eta Miren Larrarteren artean jokatuko da finala. Partidu orekatua espero da, izan ere, Arrizabalaga, gaur egun sasoi betean dagoen pilotaria da, eta Larrarte, etorkizun handiko pilotaria da zalantza barik.
Promesen mailan, Olaetxea-Lizeaga eta Fernandez-Apezetxea bikoteek neurtuko dituzte indarrak. Aurrenekoek txapelketa osoan zehar erakutsi dute gogotik egin beharra dagoela lana haiek gainditzeko, finalerdian 22-15 menperatu zutelarik De la Fuente eta Prietok osatutako bikotea. Bigarrenek aldiz, finalerdietan nagusitasunez garaitu zuten Alberdi-Santamaria bikotea, eta kantxa gainean oso ondo moldatzen direla erakutsia dute honezkero.
Elite mailan, berriz, Elola-Sarasa eta Espinal-Gaskuek jokatuko dute finala. Finalerdietan jokaturiko partida bikaina eta gero zaleek Iker Espinal finalean ikusteko irrikitan daude. Aipatu finalerdian, iruindarrak sekulako erakustaldia eman zuen Etxebarria-Irurita bikotearen aurka. Beste finalerdian, Elola eta Sarasak ez zuten hain partida txundigarria burutu baina hala ere bikote sendoa direla erakutsi dute txapelketan zehar.
Antiguako Txapelketako finalak:
EMAKUMEZKOETAN
- Olatz Arrizabalaga vs Miren Larrarte
PROMESETAN
- Olaetxea-Lizeaga vs Fernandez-Apezetxea
ÉLITE
- Elola-Sarasa vs Espinal-Gascue
LURRALDEKA
- Bizkaiatik: 1 (Arrizabalaga)
- Errioxatik: 1 (Fernández)
- Gipuzkoatik: 3 (Larrarte, Liezeaga, Elola)
- Nafarroatik : 5 (Olaetxea, Apezetxea, Sarasa, Espinal, Gascue)
Finalak Antiguako Pilotazaleok elkarteko Youtube kanalaren bidez zuzenean ikusteko aukera egongo da
Antiguako Txapelketa
Egoerak behartuta, formato motzagoan garatuko da aurtengo edizioa, iazko 19 jaialdiak 9ra murriztu dituzte eta mutilen promesa eta nagusietan, zortzi bikotetik seira jaitsi behar izan dute partaidetza.
Eliteetan Espinal-Gaskue, Murua-Aldave eta Elola-Sarasak osatzen dute A taldea eta Mata-Elizegi, Julen Alberdi-Irurita eta Ioritz Egiguren-Altuzarra dira B taldeko partaideak.
Promesetan, berriz, Josu Olaetxea-Lizeaga, Larrazabal-Ganboa eta Fernandez-Apezetxea dira lehen taldeko bikoteak eta Zabala-Ibarloza, De la Fuente-Morgaetxebarria eta Unai Alberdi-Santamaria bigarrenekoak. Ligaxka eran arituko dira eta multzo bakoitzeko bi onenak finalerdietara sailkatuko dira.
Nesketan ere partaidetza murriztu behar izan dute eta lau dira parte hartzen ari diren pilotariak: Olatz Arrizabalaga, Olatz Ruiz de Larramendi, Amaia Aldai eta Miren Larrarte.
Emakumezkoen txapelketan, kategoria bakarra dago, eta lau partaideek jokatuko dute bakarka, txapelketa finalaurreko fasean hasiko delarik.
Gizonezkoen kasuan, promesa eta senior kategoriak daude. Kategoria bakoitzean sei bikotek hartu dute parte, eta hiru bikoteko bi multzotan banatu dira. Ligaxka bakoitzeko bi onenak finalaurrekoetara sailkatu dira, eta ondoren finalak jokatuko dira.
Ligaxkak abuztuaren 4tik 19ra izango dira, eta finalaurrekoak hil bereko 25 eta 26an jokatuko dira. Final guztiak abuztuaren 29an izango dira, larunbatean.
Oier Apezetxeak ezin hobeto hasi du bere ibilbide profesionala
Aldaberekin batera 34-35 irabazi zuen Loitegi eta Zaldua I.aren aurka Berria Erremonte Txapelketako bigarren jardunaldian
Gaubekak ez du barkatu eta finalera sailkatu da
Armintzako aurrelariak Ibai Perez garaitu du finalerdietako azken partidan
Ate joka da federazioen arteko GRABNI Txapelketa
Pilotariek 33 modalitatetan parte hartuko dute, frontoietan (motza eta luzea) eta trinketean