EUSKAL PILOTA

Antiguako Txapelketa hastear da

2021/08/04

Antiguako txapelketa sona haundiko lehiaketa da, Euskal Herriko afizionatu mailako zaharrena, bere auzoan oso errotuta dagoena, baina Euskal Herri osoko pilotari zein zaleen babesa izan duena urte guzti hauetan. Hori dela eta, Antiguako aurtengo Pilota Txapelketari Ultzamako Larraintzarren emango zaio hasiera ehun urte betetzen ari den pilotaleku zaharrean, aurreneko ekitaldia  abuztuaren 10ean izango delarik.

Bertan abiatuko da Txapelketako 73. edizioa, Julian Lajos eta urteetan zehar pilotari eta pilotazale ez hain ezagunek egindako lana omentzeko baliatuko dena, izan ere, Larraintzarreko frontoi zaharraren inaugurazioaren mende bat eta Julian Lajosek buruz buruko bere bi txapeletatik lehena lortu zuenetik 50 urte betetzen dira.

COVID19 gaitzak baldintzaturiko edizioa izango da honakoa ere, hartara egutegia bederatzi jardunalditara murriztu delarik. Promesetan eta nagusietan pilotariak hiru bikoteko bi multzotan banatu dira, eta sei bikote hauek ligaxka bat jokatuko dute euren artean abuztuaren 31n jokatuko diren finalerdiak argitzeko. Hiru mailetako finalak irailaren 4an, larunbatean, jokatuko dira.

TALDEAK ETA BIKOTEAK 2021

NAGUSIAK

  1. TALDEA

Elola-Apezetxea

Canabal-Altuzarra

Julen Alberdi-Irurita

2. TALDEA

Exposito-Irazustabarrena

Mata-Aizpuru

Murua-Aldave

PROMESAK

1. TALDEA

Unai Alberdi-Morgaetxebarria

De la Fuente-Iztueta

Fernández-Ibarloza

2. TALDEA

Olaetxea-Azpiroz

Igoa-Lizeaga

Senar-Santamaría

EMAKUMEZKOEN TXAPELKETA

Olatz Arrizabalaga

Amaia Alday

Laia Salsamendi

Mirian Arraiza

Egutegia:

Ligaxka: 10-11, 17-18, 24-25

Final-erdiak: 31-1 (neskenak zein mutilenak)

Finalak: Irailak 4, larunbata.

Antiguako pilotalekuan jokatuko diren ligaxkako partidak, arratsaldeko 19:00etan hasiko dira: astearte-asteazkenez; finalerdietakoak, iaz bezala, 18:30etan.  Final-eguneko jaialdia goizeko 11:00etan hasiko da.

Urtero bezela, Txapelketa osoa ZUZENEAN Antiguako Pilotazaleok elkarteko YouTubeko kanaletik ikusteko aukera izango da.