PILOTA
Ansa II-Aizpuru III eta Urriza-Labaka, finalera
Binakako Erremonte Txapelketako finala urtarrilaren 2an jokatuko da Galarretan, non Ansa II.a eta Aizpuru III.a, Urriza eta Labakaren aurka neurtuko diren, izan ere, ligaxkako bi bikote onenek haien finalerdiak irabazi zituzten. Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak Juanenea eta Larrañagari irabazi zieten lehen finalerdian (40-33) eta Urrizak eta Labakak gauza bera egin zuten bigarrenean (40-36), Segurola eta Barrenetxearen aurka.
Ansa II.a eta Aizpuru III.a lau garaipenekin iritsi ziren finalerdietara eta oraingoan ere ez zuten hutsik egin, eta beste garaipen bat erdietsita, bostetik bost irabazita alegia, finalera galdu gabe iritsi dira.
Hala ere, finalerdia gogorra eta borrokatua izan zen gorrientzat. 40-33 irabazi zuten, baina kosta egin zitzaien, batez ere partidaren hasieran. Juanenea indartsu kantxaratu zen eta aurreneko tantoetan berak eraman zuen partidaren ekimena. Aurrelari urdinaren lan bikainari esker abantaila txikiak lortu zituzten baina 14-16 zeudela Aizpuru III.a nagusitzen hasi zen eta 14-16tik 24-18ra pasa ziren. Gorriek abantailei eutsi zieten, nahiz eta urdinek momento batean aldea murriztea lortu zuten eta bi tantora jarri ziren, 32-30. Azken hamar tantoetan aldiz, berriro agertu zen Aizpuru eta bere maisutasuna erakutsiz gorriek markagailuan alde egin zuten berriro, azkenean 40-33 irabaztea lortu zutelarik.
Piloteatuagoa eta gogorragoa izan zen bigarren finalerdia. Lehenengo partidak ordubete eta zazpi minutu iraun bazuen, bigarrena ordu eta laurdenera luzatu zen. Gogortasun horren ondorioz, Barrenetxea IV.a baino freskoago iritsi zen Urriza amaierara, eta gorrien azken 14 tantoetatik 12 eginda itxi zuen partida (40-36).
Finalerdiak berdintasun handia izan zuen. Guztira 16 berdinketa izan ziren eta inork ez zuen partida hausterik lortu. Egia da urdinek ekimena zertxobait gehiago eraman zutela, Segurola erabakigarri bati esker, baina alderik handiena soilik bost tantokoa izan zen 21-26koan. Tantoak oso piloteatuak ziren eta alde batera eta bestera erortzen ziren, sakearekin inork ez zuelarik minik egiten.
Barrenetxea ez zen inoiz eroso egon eta ez zen nagusitu piloteoan. Segurola bikoteko onena izan zen eta Urrizari ere aurre hartu zion momentu askotan. Urriza hotz hasi zen, baina sekulako erakustaldia eman zuen lehiaren amaieran, guztira 21 tanto eginda. 34-35 galtzen ari zirela, Urrizaren pilotakada batek berdinketa ezarri zuen markagailuan (35-35) eta handik aurrera bost tanto jarraian eginda garaipena eskuratzea lortu zuten.
Euskal Pilota Egokituko Master Cup-aren finala jokatu da Eibarren
Eneko Sagarmendi-Lorea Iribarri, adimen-urritasuneko modalitatean eta Beñat Lizaso-German Elkoro, urritasun fisikoko modalitatean, izan dira txapeldunak
Zesta-punta Daniara itzuliko da
“Battle at the Palace” izeneko txapelketa lehiatuko dute, apirilaren 1etik 10era
Bizkaia Open pala txapelketa aurkeztu dute
Sei bikote arituko dira lehian, apirilaren bitik ekainaren hamaikara arte