TENIS
Ane Mintegi Euskadiko tenis txapelduna
Ane Mintegik hirugarrenez jantzi zuen Euskadiko txapela, finalean Mercedes Aristegi mendean hartu ondoren
Ane Mintegi idiazabaldarrak 16 urte besterik ez ditu, baina dagoeneko hirugarren aldiz irabazi du Euskadiko Txapela. Lesio bat tarteko, hilabetez geldirik egon behar izan badu ere, maila onean dagoela erakutsi du.
Finalak igandean jokatzekoak ziren baina eguraldiaren kaxkartzeak partidak atzeratzera behartu zuen eta azkenean pasa den astelehenean jokatu ziren Gasteizko Peña Vitoriana Tenis Club elkartearen pistetan.
Mercedes Aristegi bizkaitarra izan zuen aurkari finalean eta pistan ikusitakoaren arabera garaipena biotako edozeinen alde erori zitekeen, joko aldetik nahiko orekatua joan baitzen norgehiagoka. Aurreneko seta 6-2 irabazi zuen idiazabaldarrak, baina bigarrenaren hasieran, aurretik jarri zen Aristegi (3-1), nahiz eta azkenean Mintegi 6-4 gailendu zen.
Mintegiren garaipenaren gakoak bere maila fisikoa, kolpe indartsuagoak emateko gaitasuna eta hutsegiterik ez egitea izan ziren.
Hurrengo erronka Frantzian izango du Ane Mintegik, Roland Garros torneo entzutetsuan parte hartuko baitu, junior mailan. 2019an, txapelketa horretako final zortzirenetara iritsi zen idiazabaldarra (egun rankinaren 41. postuan dago Mintegi).
Gizonezkoen kategorian ere faboritoa gailendu zen finalean, Luis Diego Chavezek lortu baitzuen bere seigarren garaipena txapelketa honetan. Lehenengo setean nagusitasun osoz irabazi zion Endika Sanchezi (6-0). Bigarren seta orekatua joan zen baina honakoan ere garaipena Chavezen alde erori zen, 6-3 markagailuarekin.
Antolatzaileen arabera, kirol maila handia izan du aurtengo Euskadiko Txapelketak, eta finalek interes handia piztu dute tenis zaleen artean.
Finalak zuzenean ikusteko aukera izan zuten, honakoak besteak beste: Ana Del Val (Arabako Foru Aldundiko Kirol diputatua), Iñigo Area (Peña Vitoriana Tenis Clubeko presidentea), Igor Del Busto (Euskadiko Tenis Federazioaren presidentea) eta Lucía Nalda (Arabako Tenis Federazioaren presidentea), zeintzuek antolakuntzaren lana goraipatu eta tenislarien zein arbitroen ahalegina eskertu zuten.
Hilabete baten buruan hiru lasterketa lehiatuko dira Altsasun
Otsailaren 14ko Nafarroako Kros Luzea, otsailaren 21eko Nafarroako Duatloi Txapelketa, eta martxoaren 20ko Altsasuko Duatloia
Senpereko Traila bertan behera utzi dute
Jadanik hurrengo urteari begira jarri dira antolatzaileak, izan ere, 2022ko martxoaren 12an edo 13an lasterketa antolatzeko asmoa plazaratu dute
Aurten bertan behera geratu da 41. Idiazabalgo Herri Krosa
Urtarrilaren azken igandean izan ohi da 1981. urtetik egiten den lasterketa, San Blas jaien hasieran