HERRI KIROLAK

Andoni Iruretagoiena eta Karmele Gisasola, Pentatloi txapeldunak

by | 2021/09/28

Argazkiak: egursport.com

Pasa den larunbatean, Azpeitiko zezen plazan, IV. Euskal Pentatloi Sariaren zein Emakumezkoen I. Pentatloi Txapelketaren finalak jokatu ziren, non Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a eta Karmele Gisasola Zelai III.a nagusitu ziren, hurrenez hurren, biek ala biek sekulako erakustaldia emanda.

Emakumezkoen I. Pentatloi Txapelketarekin hasi zen atzoko erakustaldia, bertan hiru kirolarik parte hartu zutelarik: Karmele Gisasola Zelai III.a, Lucia Orbe eta Garazi Arruti. Egin beharreko lanak honakoak: harriari hamabost jasoaldi egin, giza proban plaza bat egin, aizkoran bi 36 ontzako enbor ebaki, txingekin lau plaza egin eta lasterka hamabost buelta eman zezen plazari (kilometro eta erdi).

Zelai III.a aurretik ibili zen proba guztietan, baina oso gertu izan zuen Orbe. Hala ere, azkenean mallabiarrak jantzi zuen txapela 18 minutu eta 57 segundoko denbora eginda.  Bigarren Lucia Orbe izan zen (20 minutu eta 48 segundo), eta hirugarren postuan Garazi Arrutik amaitu zuen (25 minutu eta 31 segundo).

Sailkapena:

  1. Karmele Gisasola Zelai III.a 18 minutu eta 57 segundo.
  2. Lucia Orbe. 20 minutu eta 48 segundo.
  3. Garazi Arruti. 25 minutu eta 31 segundo.

Ondoren, IV. Euskal Pentatloi Sariaren final handia jokatu zen bi txandatan, guztira, bost proba gauzatu behar izan zituztelarik: harriari 25 jasoaldi egin, giza proban bi plaza egin, aizkoran hiru kanaerdiko ebaki, txingekin sei plaza egin eta zezen plazari 30 buelta eman lasterka (hiru kilometro).

Lehenengo txandan, Irazabalek, Julen Gabirondok eta Kepa Peñagarikanok neurtu zituzten indarrak eta Gabirondo izan zen hiruretatik azkarrena, 35 minutu eta 42 segundo baliatu zituelarik lanak amaitzeko. Kepa Peñagarikano bigarren sailkatu zen ( 38 minutu eta 25 segundo) eta hirugarren Aritz Irazabal izan zen (39 minutu eta hiru segundo).

Bigarren txandan, berriz, Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Joseba Otaegi eta Iñaki Errazkin aritu ziren nor baino nor gehiago. Proba guztietan Izeta VI.a izan zen jaun eta jabe eta azkenean aiarrak jantzi zuen txapela, Euskal Pentatloi Sariaren aro berriko marka berria ezarrita: 33 minutu eta 29 segundo. Joseba Otaegi gertu ibili zen lehian; azkenean, 35 minutu eta zortzi segundotan amaitu zituen probak. Iñaki Errazkin laugarren sailkatu zen (37 minutu eta 45 segundo).

Sailkapena:

  1. Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a. 33 minutu eta 29 segundo.
  2. Joseba Otaegi. 35 minutu eta zortzi segundo.
  3. Julen Gabirondo. 35 minutu eta 42 segundo.
  4. Iñaki Errazkin. 37 minutu eta 45 segundo.
  5. Kepa Peñagarikano. 38 minutu eta 25 segundo.
  6. Aritz Irazabal. 39 minutu eta hiru segundo.