UR-MOTORRAK
Andoni Gutierrez, Europako motonautika txapeldun
Hamarkada bat darama praktikatzen abadiñarrak ur-motorrekin eta dagoeneko Estatuko, Europako eta munduko txapelduna izandakoa da. Gutierrezi familiatik datorkio grina, bere aita motorraren munduan murgilduta baitago
Joan den urrian Mallorcan ospatutako Munduko Txapelketa irabazi eta gero (Lander Cortazar durangarrak hirugarren postua lortu zuen), oraingoan Korsikan podiumaren gorenera igo da Europako Kopako bigarren edizioan.
140 kilometro orduko abiaduran doazen olatuen artean surfean ibiliz, Andonik arrakasta itzela lortu du denboraldiko lehen lasterketan, lau egunetan zehar hamar etapatan banatutako 700 kilometro inguruko proban. Ur gainean lehiatutako espezialitatea da, Dakar Rallyaren antzekoa.
Apirilaren 14tik 17ra arte Jet Ski Corsica Cup ospatu zen Ghisonaccia eta Vignale hondartzan. Pilotuek sasoi onean ailegatu beharra zuten ekitaldira, talde antolatzaileak egindako proba gogorrari aurre egin ahal izateko: Santa Giulia badiara hegoaldetik eta Diana dorrera iparraldetik doazen etapak. Lehiaketa honetan aritu ziren 140 pilotuak (kategoria guztiak kontutan hartuta) Golden Leagueko lehen itzulia jokatu zuten, diziplinaren Europako Kopa.
Andoni Gutierrez Euskal Selekzioaren ordezkari gisa lehiatu zen, GP3 Standar kategorian . Korsikako hitzorduan, itsas baldintzak gogortuz joan ziren egunak igaro ahala, baina Andoni maisuki aritu zen Europako txapela erdietsiz.
Sailkapen nagusian, Andoni Gutierrezek guztira 1908 puntu pilatu zituen: 372 puntu lehenengo jardunaldian, 568 bigarren jardunaldian, 398 hirugarren jardunaldian eta 570 laugarren eta azken jardunaldian.
Andoni Gutierrezek Estatuko, Frantziako eta nazioarteko txapelketei ekingo die orain. Hurrengo hitzordua maiatzaren 14an eta 15ean izango du, eta orduan izango da urteko bigarren lehiaketako protagonista. Normandian izango da, Dieppe eskualdean.
Juaneneak irabazi du finalerdietako ligaxkako lehenengo partida
Bere garaipen boladari jarraipena emanda, Barrenetxea IV.aren aurka jokatutako partidan 21-30 nagusitu zen saldiastarra
Olharan eta Lopez, Grand Slameko finalistak
Erkiaga-Aimar bikoteari 15-14, 10-15 eta 5-2 irabazita
Inuntziagaren neskak finalean izango dira
Mikel Inuntziagaren taldeak eta Reyes Azkoitiarenak jokatuko dute beraz, abuztuaren 27an, Laboral Kutxa Udako Torneoaren final handia