EUSKAL PILOTA
Amurriok irabazi du Arabako eskuzko Herriartekoaren 50. edizioa
Aiaraldeko derbian Amurriok 2-1 irabazi dio Laudiori eta beraz Arabako eskuzko Herriartekoaren mende erdiko edizioaren txapela jantzi dute amurrioarrek.
Laudioko Lamuza parkeko pilotaleku irekian jokatu zen pasa den ostiralean, arratsaldeko 17:30tan hasita, aurtengo Arabako eskuzko Herriartekoaren finala, bertan Laudio eta Amurrioko pilotariak aritu zirelarik nor baino nor gehiago.
Laudio bere finalerdian 2-1eko emaitzarekin Gasteiz mendean hartzetik zetorren eta Amurriok ere markagailu berdinarekin nagusitu zitzaion Aramaiori bigarren finalerdian.
Finalaren hasierako partidan, kadeteen kategoriakoa, Laudioko Jon Rubiños eta Aner Salazar bikotea 22-5 nagusitu zen Amurrioko Aitor Sanchez eta Arkaitz Escuzaren aurka
Jarraian, juvenil mailako lehia jokatu zen eta hura baliatu zuten amurrioarrek finaleko markagailua berdintzeko, Aitor Arauzo-Iker Larrazabalek 22-0 irabazi baitzieten Oier Picon-Aimar Amandori.
Txapela nork jantziko zuen hirugarren eta azken partidan erabaki zen beraz, senior kategoriako lehian, hain zuzen ere. Laudiok Axular Alonso jubenila igo zuen partida erabakigarri hau jokatzeko, baina, Aitor Ayesarekin batera, ezin izan zuten garaipena erdietsi Koldo Iriarte-Aitor Landaluze bikotearen kontra (22-7).
Laudiok azken urteotako maila mantentzea lortu du (hiru urtez jarraian jokatu du finala) baina ezin izan du bere ibilbidea garaipenarekin biribildu eta beraz Amurrio da aurtengo Arabako eskuzko Herriartekoaren txapelduna.
Berezia izan da zinez aurtengo txapelketaren edizioa, Covid19 gaitzak dena hankaz gora jarri duelako baina azpimarratzekoa da beste herrialde batzuetan ez bezala, Araban eutsi egin diotela 2020 ekitaldi honi eta azkenean aurtengo txapelak banatzea lortu dutela.
Aurtengo Arabako Herriarteko txapelketan 7 herrik hartu dute parte bi multzotan banatuak: A multzoan Guardia, Gasteiz eta Zigoitia lehiatu dira eta B multzoan Laudio, Aramaio, Amurrio eta Agurain.
Lopetegi-Karrikaburu bikoteak irabazi du II. San Migel Xare Irekia
40 eta 33ko emaitzarekin irabazi zioten Etxeberri-Funosas bikoteari
Hondarribiako Grand Slam Txapelketako finalerdiak zehaztuta geratu dira
Datorren ostiraleko finalerdiak honakoak izango dira: Beaskoetxea-Lopez vs Olharan-Etcheto eta Olha-Del Rio vs Goikoetxea-Irastorza
Euskal Herriko Bote Luzea txapelketako finalerdiak atzeratu dira
Bizkaia 1 eta Senpere 1 eta Bizkaia 2 eta Amikuzeren artean ziren jokatzekoak finalerdiak