HERRI KIROLAK/SEGA
Amaitu berri da Euskal Herriko Sega Liga
Migel Mari Jauregi Altzok jantzi du gizonezkoetan txapela, Ainara Otamendik emakumezkoetan, Josu Mendizabalek gazte mutiletan, eta Mattin Etxarrik haurretan
Almitza sega elkarteak urtero antolatzen duen nazioarteko erako Sega Liga pasa den igandean bukatu zen, Zaldibiako Irastortza baserriko belardian. Covid19 gaitzaren eragina dela eta ohi baino lehiaketa motzagoa izan da aurtengoa, bi jardunaldikoa, normalean izan ohi diren hiruren ordez, Nafarroako saioa ez baita jokatu.
Lehen jardunaldia Usurbilen lehiatu zen, Herri Kirolen Egunaren barruan, Udarregi ikastola aurreko zelaian, bertan adin askotako 20 segalari aritu zirelarik. Gizonezkoetan (6 partaide) Julen Gabirondo nagusitu zen (3:48,61), emakumezkoetan (7 segalari) Ainara Otamendi (1:49,50). Gazte mailan onena Josu Mendizabal izan zen (2:04,21), bosten artetik, eta haurretan Izadi Arrospide (1:39).
Bigarren jardunaldia Zaldibian jokatu zen, non gizonezkoetan bederatzi partaide izan ziren eta irabazlea Migel Mari Jauregi Altxo izan zen. Bigarrena, Julen Gabirondo. Emakumeetan bederatzi partaide aritu ziren eta puntu gehien metatu zituena Alaitz Imaz izan zen. Gazteen mailan bost segalari aritu ziren eta onena Jesus Mendizabal izan zen.
Aurtengo Ligan bi saio besterik jokatu ez dituztenez, sailkapen nagusiak estu geratu dira:
Gizonezkoen mailan, Altzo-k Usurbilgo saioan bigarren egin zuen, Julen Gabirondoren ondoren baina Zaldibian postuak aldatu zituztenez, azkenean 119na punturekin geratu ziren berdinduak sailkapen orokorrean baina denbora hobearekin, Altzo atera da txapeldun. Hirugarren Jon Otegi (116), laugarren Bixente Mitxelena (114), bosgarrren Mikel Lizartza (112) eta seigarren Joakin Garmendia (108) geratu dira.
Emakumezkoetan, Ainara Otamendik jantzi du txapela (119), Alaitz Imaz bigarrena izan da (118), Maider Garmendia hirugarren, eta atzetik, Haizea Arruti, Susana Lopez eta Graxi Elosegi.
Almitza Sega Elkartea
Almitza Sega-elkartea 1996an hasi zen talde gisa elkartzen. Zaldibia bilgune harturik, sorreran batik bat, Europa aldean antolatu ohi diren sega txapelketetan parte hartu edo lehiatzen hastea izan zuen lehenbiziko jomuga. Gerora, helburu hori garatze aldera, 2001. urtean elkarte ofiziala eratu zen.
Almitzak, era askotako ekitaldiak antolatu ditu urte guzti hauetan zehar: jaialdiak, apustuak, txapelketak… Antolatu izan dituen eta parte hartu izan duen ekitaldi guztietan Euskal Herriaren herri-izaera ezagutarazi nahi izan du; hori dela eta, sega-taldeaz gain beste hainbat kultur eragile (dantzari, musikari…) eta kirolarirekin (harrijasotzaile, aizkolari, trontzalari…) osatu izan ditu ekitaldiak, etxean zein nazioartean.
Urte hauetan zehar, sega munduan eskarmentu handia duen jendea aritu izan da Almitzan lanean, honako helburu hauekin nagusiki:
1.- Sega elkartea den heinean, herri kirola eta segalaritza sustatzea segalari gazteak ere kirol honetan trebatzera bultzatuz.
2.- Bereziki nazioartean baina baita Euskal Herrian bertan ere, gure herri izaeraren ezaugarriak erakustea.
Hemengo sega tradizioa aspaldikoa den arren, nazioartean ere sega txapelketak egiten zirela jakiteak interes eta jakin min handia piztu zuen elkarteko kideengan. Geroztik asko izan dira Europako hainbat herrialdetara egindako bidaiak eta etxera ekarritako sariak.
Abian da goma gaineko Sokatira mundiala
Nazioen arteko txapelketan Euskal Selekzioa hamar pisutan lehiatuko da eta Kluben arteko txapelketara 39 euskal talde aurkeztu dira
Ezkabarten jokatu da Euskal Herriko sokatira txapelketa mistoa
Euskal Herriko zortzinakako sokatira txapelketak bukatu dira asteburu honetan eta orain Irlandako Mundiala da erronka nagusia
Sokatira jardunaldia Berriozarren
560 kilotan gizonezkoak neurtu ziren egun bakarrera eta 500 kilotan emakumezkoek txapelketako azken jardunaldia izan zuten