EUSKAL PILOTA
Amaia Aldai eta Oihana Orbegozo Binakako txapeldunak
Argazkiak: emakumemastercup.eus
Amaia Aldai eta Oihana Orbegozok amaiera gozoa jarri diote denontzat zaila izan den urte honi, Arrigorriagan Binakako LABORAL KUTXA Masterseko txapelak jantzita, final piloteatu (426 pilotakada) eta gogor batean, Patri Espinar eta Naroa Agirreri 22-15 irabazita.
Txapelketari berari gertatu zaion bezala, txapelerako bidea ez da erraza izan Dimako eta Azpeitiko pilotarientzat, finalean atzetik aurrera egin behar izan baitute garaipena eskuratzeko. Patri Espinarrek eta Naroa Agirre gazteak aurretik hasi dute partida eta ohartzerako 4-0eko abantaila hartu dute, hein handi batean Usansoloko aurrelariak egindako joko azkarrari esker.
Baina partida hasi eta gutxira agerikoa izan da aurrelari bizkaitarraren eskuina ez zegoela nahi bezain ondo eta pilota ez du nahi bezain gogor jotzerik izan. Hala ere, emakume sufritua da Espinar eta batez ere lehiakorra eta ez zuen garaipena merke saltzeko inolako asmorik. Bere atzelariak ere, oso gaztea izanagatik, etorkizun handia duela berretsi du finalean eta gauzak horrela, partida oso orekatua joan da bederatzinako berdinketara arte. Hortik aurrera, finalak kolore gorria hartu du, atzean zein aurrean, Aldaik eta Orbegozok nabarmen egin baitute gora euren jokoan.
Amaia Aldairi kosta egin zaio partidan sartzea, hasiera orekatu horretan oso pilotakada gutxi jotzeko aukera izan du, baina behin jokoan sartzeko aukera izan duenean, pilotari beste abiadura bat jarri dio eta berea izan da, hein handi batean, partidaren kontrola. Atzean ere, Oihana Orbegozok behetik gora egin du nabarmen eta hasiera batean frontoian bere lekua hartzea kosta bazio ere, oso seguru amaitu du. Meritu handiko txapelketa jokatu du azpeitiarrak, kontuan izan behar baita LABORAL KUTXA Masters hau izan duela pilota mistoarekin bere lehen lehiaketa eta edozein materialarekin ederki moldatzen dela berretsi du.
Hirugarren posturako lehian, Olatz Arrizabalaga eta, batez ere, Gentzane Aldaik, Derioko finalerdietan amaitu zuten aho zapore mingotsa kendu ahal izan dute, Ainhoa Ruiz de Infante eta Nora Mendizabali 11-18 irabazita. Orain bi aste ez bezala, bikote bizkaitarra oso lehiakor agertu da, apenas galdu dute pilotarik –atzelariak bakarra galdu du– eta oso itxura ona eman dute.
Azkar hartu dute aurrea markagailuan, 7-1, baina Ruiz de Infante eta Mendizabalek sakea berreskuratu eta markagailua berdintzeko gai izan dira, 7-7. Hortik aurrera, ordea, urdinak oso nagusi izan dira eta merezitako garaipena eskuratu dute.
Olatz Arrizabalagak izan du, gainera, beste kontsolamendu handi bat, Emakume Master Cupeko antolatzaileek gernikarrari eman baitiote urteko pilotaririk onenaren saria, pilota mistorako jauzia eman zuenetik bere mailak gora baino ez duelako egin.
[Prentsa Oharra] Nazioarteko Pilota Federazioaren araudiaz
Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak Euskal Selekzioa onesteko bideari ekiteko asmoa dugu
.
Bixintxo Bilbao zigortuta, Munduko Txapelketan ikurrina ateratzeagatik
Nazioarteko Pilota Federazioko Diziplina Batzordearen arabera, «arau hauste larria da baimendu gabeko bandera bat atera izana»