MENDIKO ESKIA
Altitoy mendi eskiko lasterketa astebukaeran
Asteburuan lehiatuko da Altitoy-Ternua lasterketa, Euskal Herriko mendiko eskiatzaileen proba nagusietakoa
Iazko etenaren ostean, aurten 600 eskiatzaile inguruk hartuko dute parte lasterketak dituen bi ibilbideetan. Tamalez, iazko garaileetako bat, Kilian Jornet, eta Iñigo Martinez de Albornoz donostiarra ez dira irteeran izango.
Iñigoren kasuan, azken uneko arazoengatik bere bikotekidea, Xavi Areny, ezin izango da bertan egon eta beraz, Martinez de Albornoz ere ez da irteeran izango. Kataluniarrari dagokionez, Altitoy-Ternua jokatu eta hiru egunera hasiko den Pierra Menta (Alpeak, Frantzia) lasterketa lehiatuko du eta hura izango da Jornetek mendian egingo duen lasterketa bakarra.
Dena den, izen ematea zabaldu orduko agortu ziren dortsalak eta orohar munduko eskiatzailerik onenak bertan izango dira nor baino nor gehiago lehiatzen, bikoteka jokatzen den proba honetan.
Ohi bezala, Luz-Saint-Sauverreko (Okzitania) inguruetan jokatuko dute lasterketa aurten ere, eta Midi Bigorre (2.877 metro) izango du ardatz nagusi. Aurten ere, bi ibilbide izango ditu lasterketak: elite mailakoa eta ibilbide herrikoia. Lehenengoan, 150 bikote arituko dira lehian eta bigarrengoan, 125.
Altitoy mendiko eskian Pirinioetan dagoen lasterketarik gogorrena da, eskia eta alpinismoa uztartzen dituelako, korridoreak igo eta gailur-ertzak zeharkatzen direlarik.
Gaur egun, Grande Courseko lasterketen barruan sartuta dago, baina, hala ere, betiko euskal giroa izango du, euskal herritarrak antolakuntzan daudelako.
Emakumeen faboritoen artean, euskal herritar bat dago: Nahia Quincoces. Mendexarrak Ana Alonso espainiarra izango du lagun. Gizonezkoetan, aintzat hartu beharko da Senpereko (Lapurdi) Pantxo Saint Martinena, orain dela bi urte lehen euskal herritarra izan zelako.
Euskal Selekzioaren deialdia Altitoy-Ternuarako
Esan bezala, larunbatean eta igandean izango da bi urtetik behin jokatzen den Altitoy-Ternua lasterketa. Euskal Selekzioa talde bezala bertaratuko ez den arren, selekzioko kide batzuk bertan izango dira:
-Nahia Quincoces Altuna (Mendexa, Bizkaia, 1983). Bere bikotea Ana Alonso andaluziarra izango da. A ibilbidean hartuko dute parte.
-Igone Campos Odriozola (Zumarraga, Gipuzkoa, 1991). Bere bikotea Fátima De Diego madrildarra izango da. A ibilbidea egingo dute.
-Axier Alonso Korkostegi (Oñati, Gipuzkoa, 1988) eta Aitor Ajuria (Otxandio, Bizkaia, 1998). Alonso eta Ajuriak bikotea osatuko dute A ibilaldian.
-Gartzen Elejabarrieta (Abadiño, Bizkaia, 1996). Bere bikotea Mikel Navarro izango da. A ibilbidea osatuko dute.
-Rafa Urbizu Granados (Donostia, 2000). Bere bikotea Lucas Olivar izango da. B ibilbidea osatuko dute.
EMF-ren Mendi Eskiko Kopako Egutegia:
-Causiat Extreme, 01/02/2020. Banakako proba
-Bandres Karolo, 15/02/2020 Banakako proba. 16/02/2020 Proba bertikala (martxoaren 14 ta 15era atzeratua)
-Alta Ruta Pyrene, 01/03/2020. Taldekako proba (bertan behera elur faltagatik)
-Altitoy Ternua, 7-8/03/2020. Taldekako proba
-Andres Regil, 21/03/2020 Banakako proba. 22/03/2020 Proba bertikala
EMF-ren Mendi Eskiko Txapelketen egutegia:
-Bandres Karolo, 15/02/2020. Banakako proba (martxoaren 14 ta 15era atzeratua)
-Alta Ruta Pyrene, 01/03/2020. Taldekako proba (bertan behera elur faltagatik)
-Andres Regil, 22/03/2020. Proba bertikala
Euskadiko Halterofilia Federazioak ofizialtasuna eskatu dio Nazioarteko Federazioari
Euskadiko Halterofilia Federazioak formalki eskatu du Nazioarteko Halterofilia Federazioko kide izatea
Oihana Azkorbebeitia hirugarren, Munduko Kopako bederatzigarren proban
Oihana Azkorbebeitia hirugarren sailkatu da Royal Sky Marathon Gran Paraiso lasterketan. Seigarren dago orain Skyrunner Munduko Kopako Sailkapen Orokorrean
Iñarra eta Zorroza lehen postuetan Munduko Kopako zortzigarren proban
Mendi Lasterketako Euskal Selekzioko Ander Iñarra eta Mariza Zorroza nabarmendu dira BUFF® Epic Trail 42 km Munduko Kopako proban