MENDI LASTERKETAK
Aloñako Igoeraren XVII. edizioa lehiatu zen igandean
2020koa bertan behera geratu eta 2021eko urrian egin ostean, Aloñako Igoera igande honetan lehiatu zen, bere ohiko egutegia berreskuratuta.
Giro fresko eta eguzkitsua nagusitu zen goizetik, mendiaz gozatzeko aproposa, bai lasterkarientzat, eta baita zaletuentzat ere, ia 300 lasterkari abiatu zirelarik goizeko 9:00etan Foruen Enparantzatik San Juan auzoan gora.
Azkenean, Walter Becerra sestaoarra eta Malen Osa oñatiarra izan ziren XVII. Aloñako Igoerako irabazleak. Seigarren txapela jantzi du Becerrak, bigarrena, aldiz, Osak, lehenak izan baitziren 22,6 kilometroko ibilbide osatzen.
Emakumezkoen lehian, iazko podiumean lagun izan zituen Azkorbebeitia eta Uribarri irteera puntuan izan ez diren arren, lehen metroetatik erakutsi zuen Malen Osa oñatiarrak sasoi betean dagoela. Aloñarako maldetan argi gelditu zen Lide Urrestarazu ordiziarra oñatiarra baino askoz gutxiago ez zela. Hala, sei segundo eskas zeuden bien artean Gorgomendin.
Baina Aloña eta Arriurdin arteko mendi-lerro tekniko eta malkartsuan hautsi zuen lasterketa Osak, sei segundoko tartea bi minutura handituta, abantaila hori ederki kudeatu zuelarik helmugaraino. Lehen bi sailkatuetatik urrun, baina podiumerako borroka polita izan zuten Aragonek eta Zabalak, azken hau hirugarren sailkatu zelarik.
SAILKAPENA
- Malen Osa Ansa (Oñati) – 2:33:09
2. Lide Urrestarazu Agirre (Ordizia) – 2:35:34
3. Ane Zabala Bruña (Arrasate) – 2:44:24
4. Larraitz Aragon Irusquieta (Durango) – 2:44:45
5. Saioa Arconada Perez (Oñati) – 2:47:45
Gizonezkoen lasterketari dagokionez, Aitor Ajuria iazko irabazlea faltan, Walter Becerra mendi korrikalari sestaoarrak erdietsi zuen garaipena. Becerra bera eta Iñigo Alzola arrasatearra lasterketaren buruan pasa ziren Aloñatik baina gerora bigarrenak ezin izan zuen sestaoarraren erritmoa jarraitu.
Handik aurrera, zortzi laguneko taldetxo bat borroka bizian ibili zen lasterketa osoan zehar, Becerratik gertu, baina harrapatu ezinik, azkenean Oier Elorza azkoitiarra eta Irazu Aranburu mallabiarra igo zirelarik podiumera.
SAILKAPENA
- Walter Becerra Paez (Sestao) – 2:06:55
2. Oier Elorza Abaunz (Azkoitia) – 2:08:16
3. Irazu Aranburu Antxia (Mallabia) – 2:10:25
4. Anartz Artola Arin (Hernani) – 2:10:55
5. Jokin Etxabe Leturia (Bergara) – 2:11:10
ALOÑAKO IGOERA
Aloñako mendikatean zehar, altuera ertaiñean egindako mendi ibilbidea da, Artzanburu gaina izango delarik puntu altuena (1354 m). Oñatiko erdigunetik (230 m) Urtiagainera (490m) abiatuko gara asfaltozko bidetan lehenik eta baso pistetan barrena ondoren. Urtiagainetik Belarrera doan bidexka hartutakoan maldak gogorragoak bihurtuko dira altuerako larretan zehar. Belarretik aurrera (922 m) Aloña tontorrera (1238m) eramango gaituen bide osoan, begi bistan izango dugu uneoro. Behin Aloñako gurutzera iritsita buelta eman beharrean, aurrerantz jarraituko dugu, Aloñako mendizerran barrena, Buetraitz, Akaitz, Arriurdiñ eta Artzanburu mendiak igoaz. Ondoren, Aloñaren ipar aurpegian aurkitzen den mehatzarien bide zaharretik barrena, Oñatiko plazara iristeko.
Datuak:
- Luzeera 22.6 km (3 km asfaltoan)
- Desnibel positiboa 1868 m
- Gutxieneko altura 230 m
- Gehieneko altura 1352 m
- Anoa postuak: 6
MAILAK :
-Seniorrak Gizonak: 18 eta 44 urte bitartean
-Beteranoak Gizonak: 45 urtetik gora
-Seniorrak Emakumeak: 18 eta 39 bitartean
-Beteranoak Emakumeak: 40 urtetik gora
Zarauzko Triatloia bertan behera geratu da
Zarauzko Triatloiaren 34. edizioa 2021ko ekainaren 12an izango da, eta aurtengo dortsalak datorren urteari begira gordeko dira
Mendi lasterketetako Euskal Selekzioa etxean gelditzen da (VI)
Sergio Delgado Fernandez, Euskal Selekzioko hautatzaile eta eskalatzaileari elkarrizketa
Gasteizko Ironman proba atzeratu egin da
Aurten beste data bat bilatuta edo 2021era atzeratuz, azken erabakia ekainaren 4a baino lehen emango dute jakitera