MENDIA
Alex Txikon Everestera, oxigenorik gabe igotzeko
Manaslutik itzuli zela sei aste baino igaro ez direnean, Nepalera bidean jarriko da berriro ere Alex Txikon, oraingoan Everest (8.849 metro) oxigenorik gabe igotzen saiatuko delarik.
Guztia prest izateko azken orduko prestaketekin daude (gaur, apirilak 23, Katmandurako bidea hartuko dute) eta asmoa da behe-kanpamendura maiatzaren 2an iristea eta gero ohiko bidetik, Nepaleko aldetik, gailurra zapaltzen saiatzea. Everesteko kanpaleku nagusia 5.360 metrotan kokatuta egongo da, eta, horrela, Txikonek hiru aste izango ditu altuerako kanpamentuetara girotzeko.
Everestekoa orain arte Txikonek burutu dituen espedizioak baino askoz txikiagoa izango da, bai mugituko duen taldeari dagokionez (Txikon bera, Iñaki Makazaga kazetaria eta Sendoa Elejalde argazkilaria), bai hartuko duen denborari dagokionez (itzultzeko data maiatzaren 25a izango da), baita babesletza aldetik ere.
Azken hamarkadan bere lanaren ardatz izan den neguko denboralditik kanpoko erronka hau proiektu apalagoa dela ematen duen arren, Txikonentzat apustu pertsonalagoa da, erronka berriei aurre egiteko unea iritsi dela uste baitu mendizale bizkaitarrak.
Helburu bikoitza izango du beraz espedizioak, batetik, Everesten gailurra egiten saiatzea eta, bestetik, turistekin eta espediziokideekin buru-belarri inplikatu den eta orain dena geldirik dagoela ikusten ari den herrialde bat babesten jarraitzea.
Pandemia egoeran egonda, espedizioen joan-etorria beste urte batzuetan bezainbestekoa izango ez den arren, talde eta alpinista ugarirekin elkartuko dira bertan, eta, beraz, egunez egun baldintzak baloratzen joango direla adierazi du lemoarrak.
Hala ere, itxaropentsu agertu da Txikon, nahiz eta 2016an Nanga Parbaten historia egin zuenetik ezin izan duen gailurrik egin neguan igotzen saiatu den zortzimilakoetan, saiatzeari ez dio inoiz utzi eta honakoa bezalako erronka berriei ekiteko prest ere egon da beti.
Mendi lasterketetako Euskal Selekzioa etxean gelditzen da (III)
Vanessa Pelaez Martinez (1991, Andoain), Euskal Selekzioko mendi korrikalariari elkarrizketa
Bertan behera geratu da aurtengo Flysch Trail mendi lasterketa
WMRA mendi lasterketen munduko kopa zumaiara itzuliko da 2021ean, maiatzaren 8an eta 9an
Mendi lasterketetako Euskal Selekzioa etxean gelditzen da (II)
Andrea Garay Zarraga (1991, Gasteiz, Araba), Euskal Selekzioko mendi korrikalariarekin elkarrizketa