E-KIROLA/FUTBOLA
Alavesek [Asitor19] irabazi du FIFA 21 Euskal Liga
Aberri Egunean jokatu zen FIFA 21 Euskal Ligako finala. Garailea Asitor19 | Alaves izan da.
PlayStation 4 plataformaz baliatuz euskal selekzioaren aldeko ekimena ere izan da e-joko txapelketa hau. 2020an jokatu zen Game Erauntsia Elkarteak, Gu ere Bai! ekimenak eta Hamaika Telebistak antolatzen duten lehiaketa telematikoaren lehen edizioa.
Apirilaren 4an, Aberri egunarekin bat eginez, FIFA21 Euskal Ligaren azken fasea jokatu zuten Alavesek, Athletic Clubek, Eibarrek eta Osasunak. Hamaika Telebistak programazio berezia prestatu zuen eta Beñat Zarrabeitia eta Olatz Foruria kazetariek esatari lanak egin zituzten. Asitor19 bideo-jokalariak eskuratu zuen garaipena Alavesen koloreak defendatuta. Iker Zarragaren Athletic Club 2-9 garaitu zuen. Osasuna 6-5 gainditu ondoren iritsi zen Alaves finalera. Bestalde, Athletic Clubak 7-6 irabazi zion Eibarri bigarren finalerdian.
⚽️?Asitor19 da #EuskalLiga21|eko txapelduna! Zorionak!
Erabilitako taktitak aipatu ditu bideo-jokalariak @HamaikaTb|n egindako agerpenean. Pozik azaldu da talde gasteiztarra gidatu duen jokalaria. pic.twitter.com/UQDNeU7IUS
— Game Erauntsia (@Gamerauntsia) April 4, 2021
Euskal Liga baino gehiago
Antolatzaileek azpimarratu dute txapelketaren finalak Aberri egunarekin bat egitea ez dela kasualitatea. Izan ere, aurreko urtean bezala euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko bidea izan dira bideo-jokoak eta txapelketa hau. Honek esangura berezia hartu du, izan ere, gure txapelketaren fase finala baino lehen Athletic Club eta Errealak Errege Koparen finala jokatu zuten.
Deitoratu egin dute Electronics Artsen FIFA21 bideo-jokoak ez duela gure emakumezko taldeekin jokatzen ahalbidetzen. Adierazi dutenez, beharbada, hurrengo urtean beraiekin antolatu ahal izango dutela Euskal Liga.
Horretaz gain, azpimarratu dute, berriro ere agerian geratu da euskaraz bideo-jokoetara jokatzea posible dela, baita modu horretara txapelketak antolatzea ere.
2020ko edizioa
Pasa den urtean FIFA20 Euskal Liga antolatu zuten Game Erauntsia Elkarteak eta Gu ere Bai! ekimenak. Guztira 150 lagun inguruk izena eman zuten FIFA20ra PlayStation 4ean jokatzeko. 100 norgehiagoka baino gehiago jokatu ziren eta 800 gol baino gehiago sartu. Hamaika Telebistak finala igorri zuen eta emanaldia gertaera gogoangarria izan zen, historian lehenengo aldiz telebista batek euskaraz eta zuzenean e-kirol txapelketa bat eman baitzuen.