TXIRRINDULARITZA

Aiztondo Klasikaren edizio berria, datorren martxoaren 14an

by | 2021/02/25

Argazkiak: @Aiztondoklasika

Iazko etenaldia eta gero, Aiztondo Klasika bueltan da, eta laster ikusiko ditugu lehian profesional mailako atarian dabiltzan txirrindulariak.

Lasterketa bitan bakarrik geratu da bertan behera. Lehena elurragatik, Alkizan bukatu behar zuen ekitaldian, eta bigarrena iaz, proba korritu bezperan agintariek osasun alarma egoera indarrean jarri zutenean.

Gogoratu beharra dago, Covid-19 izurriteak bete-betean harrapatu zuela txirrindularitzako egutegi nagusia, eta 2020koa lasterketarik gabeko udaberria izan zela. Egoerak ez du nabarmen hobera egin geroztik, baina pixkanaka hasiak dira kirol ekitaldiak antolatzen eta ezusterik ezean, martxoaren 14an Aiztondon barrena lehiatuko da gazteen tropela.

Goi mailako txirrindularitza proba da Aiztondo Klasika, amateur mailako lasterketarik garrantzitsuenetarikoa. Etorkizun hurbilean profesional mailan arituko diren lasterkariak ikusteko aukera paregabea.

Data zehazteko orduan gorabeherak izan dira, maiatzean egiteko aukera mahai gainean izan baita. Baina Espainiako Federaziotik etorritako proposamenak ez du antolatzaileen oniritzia jaso, eta Aiztondoko lasterketa azkenean martxoan egingo da.

Aiztondo Klasika

Zizurkilek aspaldidanik izan du lotura berezia txirrindularitzarekin. Besteak beste, 1976an Espainiako juvenil mailako txapelketa egin zen, Danenak lehenik afizionatu eta ondoren profesional izan zen txirrindulari taldea izan zuen (Frantziako Tourrean ere parte hartu zuelarik), Emakumeen Txirrindularitzan ere hainbat txapelketa egin dira eta Emakumeen Bira ere antolatu izan da Aiztondon.

Aiztondo klasikak 2003ko martxoaren 9an hartu zuen lekukoarekin aurrera jarraitzen du, esfortzuak esfortzu, kosta ala kosta. Arazoez gainezka, Lasarteko zirkuitoak ezin izan zuen urtetan afizionatu mailan sona eta izen ona izan zuen probaren antolaketarekin jarraitu, eta galerak eragin zitzazkeen kalteei aurrea hartu nahirik Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoak Asteasuko Aitzondo elkarteari luzatu zion proba antolatzeko gonbita. Horrela jaio zen beraz Aiztondo klasika, Aiztondo bailarako herrixken eta elkarteen lankidetzaren fruitua dena.

Aiztondoko Klasikoaren antolakuntza bailarako herrien artean partekartzen da, Zizurkil, Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Larraul alegia. Herri edo elkarte bakar batek aurrera atera ezingo zukeen antolaketa, denen artean atera ahal izan da, urtero irteera eta helmuga txandakatuz, baina hori bai, beti Aiztondo bailara osoa harrapatzen duelarik.

Antolakuntza kontuetan  maisua izan zen Patxi Alkorta,  lasterketaren izena daramana, izan ere, hark egindako guztia ahazturan eror ez zedin eta haren adibideak luzaroan jarrai dezan erantsi zitzaion karrerari bere izenburua, ondo merezitako omenaldi xume modura.

2020ko lasterketa bertan behera utzi behar izan ondoren, 2019koa izan zen lehiatutako azken edizioa. Orduan, egun euritsu eta lanbrotsu batean, guztira, 175 txirrindularik hartu zuten parte klasikan, 25 taldek eta talde bakoitzetik 7 kidek. Angel Fuentesek, Gomur Cantabria taldeko txirrindulari izan zen lehena iristen 3 ordu eta ia 16 minutura.

2019ko sailkapena:

1. Angel Fuentes – Eli Gomur-Cantabria Infinita (03:15:45)
2. Roger Adria – Lizarte (03:15:46)
3. Francisco Galvan – Lizarte (03:15:46)
4. Alberto Serrano – Escribano Sport Team (03:15:49)
5. Sergio Roman Martin – Eli Caja Rural-Seguros RGA (03:15:53)
6. Carlos Cobos – Eli Vigo-Rias Baixas (03:15:53)
7. Samuel Blanco – Eli Vigo-Rias Baixas (03:15:56)
8. Carlos Garcia – Kometa Cycling Team (03:15:56)
9. Julen Latorre – Goierriko TB – Laboral Kutxa (3:16:01)
10. Diego Gonzalez – Supermercados Froiz (3:16:05)

TXIRRINDULARITZA

Share This