EUSKAL PILOTA
Ainhoa Lakuntza-Irati Tolosa bikoteak irabazi du XII.Paleta Txapelketa
Asteartean jokatu ziren Zinema pilotalekuan Emakumeen XII. Pala Txapelketako finalerdiak. Izatez Frontoi Txikin jokatzekoak baziren ere, segurtasuna bermatze aldera, frontoi itxian jokatu zituzten partidak, ikuslerik gabe (parte-hartzaileen gertukoek bertaratzeko gonbidapen berezia izan dute).
Lehiaketa honen ezaugarri nagusia da Frontoi-Txiki pilotaleku berezian jokatzen dela, baina koronabirusaren bueltako azken egunetako datuak direla eta, antolatzaileek erabaki zuten Zinema pilotalekuan jokatzea azkeneko partidak.
Finalerdi bana irabazita, Saioa Iraola-Maialen Manterola eta Ainhoa Lakuntza-Irati Tolosa bikoteak sailkatu ziren lehia nagusirako. Lehen partidan, Saioa Iraola eta Maialen Manterolak Jone Iruretagoiena eta Mireia Aizpururi irabazi zieten, eta bigarrenean, Ainhoa Lakuntzak eta Irati Tolosak osaturiko bikotea Alaitz Badiola eta Garbiñe Tijeroren aurka nagusitu zen.
Gauzak horrela, Emakumeen XII. Pala Txapelketako finala zein 3. eta 4. postuak erabakitzeko norgehiagoka jokatu ziren atzo Zinema pilotalekuan.
Partida nagusiaren aurretik, 3. eta 4. postuak erabakitzeko norgehiagoka izan zen jokoan. Jone Iruretagoiena eta Mireia Aizpuru zarauztar gazteek eskarmentu handiko bikote bat izan zuten aurrez aurre, Garbiñe Tijero hernaniarra eta Alaitz Badiola azpeitiarra, eta oraingo honetan, esperientzia gailendu da. Tijero-Badiola nagusitu dira 30-17ko emaitzarekin, Iruretagoiena-Aizpururen aurka.
Finalari dagokionez, azken emaitzak (30-13) bestelakoa irudikatzen badu ere, lehiakorra izan zen atzo arratsaldean jokatutako partida. Ainhoa Lakuntza zarauztarrak eta Irati Tolosa zizurkildarrak eskuratu zuten garailearen txapela, baina Saioa Iraola zarauztarrak eta Maialen Manterola aiarrak osatutako bikoak ez zizkien gauzak batere erraz utzi, eta azken unera arte borrokatu zuten.
Iazko edizioa
2019an jokatu zen Emakumezkoen Frontoi Txikiko XI. Paleta Txapelketako finalean Alaitz Tejedor eta Maitane Sarobe hernaniarrak 30-14 gailendu ziren Mirari Arzallus eta Amaia Aizpuru azkoitiarren aurka
Uztailaren 9an ekin zioten Emakumezkoen Frontoi Txikiko XI. Paleta Txapelketari, eta uztailean bertan amaitu zuten lehiaketa hiru partida ezberdinekin: esku pilota partida berezi bat, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida eta finala.
Jende andana bildu zen Frontoi Txikin emakumezkoen pilota eta paleta partiduez gozatzeko. Lehen partidan, esku pilotakoan, Zubizarreta eta Barroka bergararrak nagusitu ziren Agirre eta Zubizarretaren aurka, 18 eta 13, eta jarraian, Paredes eta Etxabek 22 eta 30 galdu zuten Iraola eta Manterolaren kontra. Ondoren, finalean, Alaitz Tejedor eta Maitane Sarobe erraz nagusitu ziren Arzallus eta Aizpururen aurka (30-14).
Larunbatean jokatuko dira Iruñerriko Erremonte txapelketako finalerdiak
Hiru bikote arituko dira lehian: Ezkurra-Saldias, Uterga-Barricart eta Aldabe-Azpiroz
Apirilaren 4an, Irunen, Eskuz Binakako Masterraren finala
Belaunaldi eta estilo ezberdinen arteko talka emango da datorren igandeko final handian
Bizkaia Torneoaren lehen jardunaldia jokatu da
Fusto eta Del Riok 3-1 irabazi zieten Ibarguren eta Urrutiari eta Gaubeka-Gordon bikotea 3-2 nagusitu zen Necol eta Cambosen aurrean