EUSKAL PILOTA
Ados Pilotak binakako txapelketa antolatu du lehen aldiz
Ados Pilota elkarteak, pilotariek beraiek sortutako klubak, Azkoitiko udaletxean aurkeztu berri du lehen aldiz antolatu duen txapelketa profesionala. Lehen eta Promozio mailetako txapelketak jokatuko dituzte, eta otsailaren 27an izango dira bi finalak Azkoitiko Gurea pilotalekuan.
Guztira 22 pilotarik parte hartuko dute txapelketan, bi mailatan banatuta: zazpi bikote arituko dira Lehen Mailako txapelaren bila, eta beste lau Promozio mailakoaren lehian.
Txapelketa nagusian, Etxeberria-Iraeta, Etxekolna-Mujika, Iturzaeta-Azpeitia, Iturriaga-Egaña, Kortazar-Eceiza, Iantzi-Etxenike eta Zelaia-Lopez bikoteak arituko dira. Eta promoziokoan, Mondragon-Zaldain, Santos-Urriza, Peribañez-Alduntzin eta Rodrigez-Mondragon II.a
Bi mailetan bikote guztiek elkarren aurka jokatuko duten ligaxkarekin hasiko da txapelketa. Lehen fase horretako sailkapeneko lehen bi bikoteak zuzenean pasatuko dira finalaurrekoetara Lehen Mailan. Hirugarrenak eta seigarrenak elkarren kontra jokatuko dute final laurdenetako bat, eta laugarrenak bosgarrenaren kontra bestea, irabazleak ere finalaurrekoetara pasatuko direlarik. Azkena, txapelketatatik at geratuko da.
Promozio mailan, berriz, ligaxkako lehen sailkatua finalean sartuko da zuzenean, eta sailkapeneko bigarrenaren eta hirugarrenaren arteko finalaurrekoan erabakiko da finaleko beste bikotea.
Finalaren aurreko asteburuan, otsailaren 20an, jokatuko dituzte finalaurrekoak Amurrion (Araba).
Antolatzaileen asmoetariko bat, emakume pilotariek txapelketa gehiago jokatu ahal izatea da eta honakoa beste urrats bat da norabide horretan. Izan ere, ligaxkarekin, bikote bakoitzak ziurtatua du partida kopuru bat, astebururo bi jaialdi eta lau partida jokatuko direlarik, otsailaren amaiera bitartean.
Azpimarratu beharreko beste gako bat hurrengoa, Binakako Txapelketa Nagusian lehen aldiz kontratuarekin jokatuko dutela pilotariek, eta mugarri horren garrantzia ere azpimarratu zuten prentsaurrekoan.
Bestalde, pilotariek euren amak ere omendu nahi izan dituzte. Horrenbestez, elastikoan eta kartelean amaren abizena eramango dute, eta txapelketa honetan izen horrekin jokatuko dute.
Txapelketaren lehen jardunaldia, igande honetan jokatuko dute Latasan (Nafarroa), non Lehen Mailako bi partida hauek izango diren: Etxeberria-Iraeta Iturriaga-Egañaren aurka, eta Kortazar-Ezeiza Iantzi-Etxenikeren kontra.
Erremontea abian jarriko da berriro ekainean
Dagoeneko entrenamenduak hasiak dira Galarretan eta Oriamendik lehiaketa antolatuko du
Udazkenera arte atzeratu da Euskal Herriko kluben arteko Nazionalaren azken fasea
Geratzen diren bi jardunaldiak, finalaurreko bat eta finala bera, iraila pasa arte ez dira jokatuko
Euskadiko Pilota Federazioak GRABNI txapelketa bertan behera utzi berri du
Antolakuntzak ez du posible ikusten txapelketaren datak berrosatzea bestelako txapelketekin topo egin gabe