FUTBOLA/EUSKAL HERRIA TXAPELA
Abuztuaren 12an jokatuko dute Athleticek eta Alavesek gizonezkoen Euskal Herriko Txapelketako finala
Gizonezkoen Euskal Herria Txapelketako lehen edizioko finalak badauka data dagoeneko: abuztuaren 12an jokatuko dute Athleticek eta Alavesek txapelaren bila, Barakaldoko Lasesarre futbol zelaian, arratsaldeko 19:30tatik aurrera. Jakina denez, pasa den ligan jokatu ziren derbien rankingean bilbotarrak eta gasteiztarrak izan ziren lehen bi sailkatuak eta hori dela eta, elkarren artean erabakiko da nor izango den trofeo honetako irabazlea.
Partidaren eta garaikurren aurkezpena datorren ostegunean, uztailak 13, goizeko 11:30tan, egingo da Lasesarre zelaian bertan. Han izango dira Jose Angel Iribar Athleticeko ordezkari moduan, Alfonso Churruca Alaves ordezkatzen eta Euskal Herria Kirolako ordezkaria Kike Zurutuza.