EUSKAL PILOTA
Abiatzear da 57. Enrique Abril Errebote Txapelketa
57. Enrique Abril Errebote Txapelketa irailaren 20an hasiko da
Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak aditzera eman duenez, irailaren 20an abiatuko da 57. Enrique Abril Errebote Txapelketa, zortzi lehiakide izango dituelarik aurtengo edizioak (hiru talde gipuzkoar eta bost lapurtar), bi multzotan lehiatuko direlarik:
A MULTZOA
Noizbait 1 (Hazparne, Lapurdi)
Luzean (Donibane Lohizune, Lapurdi)
Behar Zana (Villabona, Gipuzkoa)
Txost (Oiartzun, Gipuzkoa)
B MULTZOA
Zubieta (Zubieta, Gipuzkoa)
Noizbait 2 (Hazparne, Lapurdi)
Sarako Izarra (Sara, Lapurdi)
Kapito Harri (Ustaritze, Lapurdi)
Txapelketa irailaren 20an hasi eta urriaren 18ra arte luzatuko dela aurreikusten dute antolatzaileek, beti ere eguraldiaren bilakaeraren arabera.
Lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute multzo bakoitzeko taldeen artean, irailaren 20ko jardunaldian hasi eta urriaren 4kora bitartean. Partida guztiak Oiartzungo, Villabonako eta Zubietako plazetan izango dira.
Ondoren, kanporaketen fasea etorriko da. Bi finalerdi jokatuko dituzte urriaren 11ko asteburuan, 1. fasean multzo bakoitzeko ligaxkan aurreneko bi postuetan sailkatutako taldeak gurutzatuz (hau da, A1 vs B2 eta B1 vs A2). Azkenik, irabazleek urriaren 18an jokatuko dute finala, Oiartzungo plazan
Enrique Abril errebote txapelketa
Enrique Abril Memoriala Gipuzkoako Pilota Federazioak antolatzen duen errebote txapelketa da, 1963an sortua. Enrique Abril pilotari eta dibulgatzailearen omenez, haren izenarekin jokatzen da 1975etik, errebotearen aldeko lan ugari egin baitzuen: adibidez, Dos siglos de Pelota Vasca. En defensa del juego de “Rebote” liburua idatzi zuen 1971n.
Uda eta udazkenaren mugan jokatu ohi da, irailean eta urrian, Gipuzkoan errebotea gorde den plazetan: Donostiako Zubietan eta Villabonan soilik jokatu izan da urte luzez; gerora, berriz, Oiartzun gehitu zaie.
Pilota modalitate hori mantentzen duten herrietako taldeak izan ohi dira parte hartzaileak, txapelketa bakoitzean herri guztiak aritzen ez badira ere. Hona hemen txapelketan noizbait parte hartu duten herriak eta taldeak:
Atharratze: Atharraztarrak, Angelu: Hardoytarrak, Azkaine, Baigorri: Zaharrer Segi, Bidaxune, Baiona: Aviron Bayonnais, Donapaleu, Donibane Lohizune: Luzaz Gazte, Hazparne: Noizbait, Hendaia: Hendaiarrak, Kanbo: Kanboarrak, Oiartzun: Oiarpe eta Txost, Sara, Senpere, Uztaritze: Kapito Harri, Villabona: Behar Zana, Zubieta (Donostia): Zubieta, Yoko Garbi.
Abian da 2021ko GRABNI Txapelketa
Asteburu honetan Zesta Punta eta Erraminta espezialitateetako aurreneko partidak jokatu dira
Bizkaia Torneoaren bosgarren jardunaldia jokatu da
Emaitzak: Maldonado-Ibai Perez 3 Garate-Ruiz 0 eta Fusto-Del Rio 3 Gaubeka-Gordon 0
Irazustabarrena-Arrillaga eta Galdos-Mendizabal bikoteak, finalera
Hirugarren jardunaldiko emaitzak: Nagore-Etxaniz 0 Irazustabarrena-Arrillaga 2 eta Galdos-Mendizabal 2 Larrarte-Erasun 0