HERRI KIROLAK/AIZKORA
Abiatu da Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketa
Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketako finalerako txartela lortu dute Arribeko Txomin Amundarainek eta Julen Olano leitzarrak
33 aizkolarik izena emana dute aurtengo Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketan aritzeko eta horren ondorioz, guztira hiru kanporaketa egingo dira. Kanporaketa bakoitzean lehenengo bi postuetan sailkatzen diren aizkolariak finalerako.
Arabako Burgelu herrian jokatu zuten pasa den igandean hamaika aizkolarik, lehiaketako aurreneko kanporaketa. Bakoitzak lau kanaerdiko (54 ontzakoak) moztu behar zituen eta bi lehenbiziko postuetan Arribeko Txomin Amundarain (9 minutu eta 59 segundo) eta Leitzako Julen Olano (10 minutu eta 8 segundo) sailkatu ziren, hartara biek eskuratu zutelarik finalean aritzeko eskubidea.
Atzetik sailkatu ziren David Naredo asturiarra (10’33”), Jokin Urretabizkaia gipuzkoarra (10’50”), Jokin Alkizalete gipuzkoarra (11’03”), Beñat Lekua bizkaitarra (12’57”), Ibon Garaiburu gipuzkoarra (13’ 40”), Xabier Garcia ‘Utxu’ bizkaitarra (14’05”), Daniel Lopez asturiarra (14’30”) eta Aritz Oregi bizkaitarra (14’56”). Arostegiko Xuban Kañamares V.ak ez zuen parte hartzerik izan, gaixorik zegoelako.
Igande honetan lehiatutakoaren ondotik, hurrengo asteburuan, urriaren 24an eta 25ean jokatuko dituzte beste bi kanporaketak, hauek ere Araban.
Larunbatean 18:30ean, Aguraingo pilotalekuan arituko dira hamaika aizkolari: bi napar (Jon Telletxea Juanena eta Goizeder Belza Igoa), bost gipuzkoar (Jon Esnal Odriozola, Markel Zapiain Mujika, Suharri Rodriguez Salaberria, Unai Otaegi Saizar eta Urtzi Olasagasti Korta) eta Segoviako (Espainia) beste lau aizkolari ariko dira: Alvaro García Hoyuelos, Hermenegildo Herrero González, Marco Nevado Jabonero eta Emilio Garcia Herranz.
Igandean aldiz, eguerdiko hamabietan Aramaion arituko direnak honakoak: hiru aizkolari nafar (Oier Larretxea Agirre, Ibai Soroa Mugertza eta Iker Gorriti Borreguero), Arabako Luis Polanco Aldasoro, Bizkaiko Beñat Amade Fullando eta Mikel Agirre Unamuno eta Gipuzkoako Aitor Urteaga Aldasoro, Axel Larrañaga Barrenetxea, Iñigo Landa Larrañaga, Unai Zabala Zubelzu eta Julen Aranberri Ocaña.
Amundarainek eta Soroak irabazi dute Izar Berriak aizkolari txapelketa
Hala ere, Azpeitiko bigarren jardunaldian Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia Basozabal aizkolariak gailendu ziren
Aritz Irazabalek irabazi du Bizkaiko II. Pentatloia
Bigarren Beñat Amade sailkatu zen, hirugarren Ousmane Drame eta laugarren Daniel España
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren kanporaketa jokatu da Zestoan
Mikel Larrañaga eta Karmele Gisasola izan dira onenak gizonen eta emakumeen proban, hurrenez hurren